Mundua -

I-11: 20. URTEURRENA

Mundua dardarka jarri zuen eraso terrorista

Lau bidaiari-hegazkin bahitu eta Estatu Batuen erdigunea lehertu zuen Al-Qaidak gaur 20 urte. George W. Bush AEBko orduko presidentearen erantzuna berehala etorri zen, aurrekaririk gabeko terrorismoaren aurkako gerra abiaraziz.

World Trade Center, satelite bidez hartutako irudian. Argazkia: EFE.
World Trade Center, satelite bidez hartutako irudian. Argazkia: EFE.
I-11: XXI. mendeko historia aldatu zuten erasoen 20. urteurrena

3:00

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ia 3.000 pertsona hil ziren Al-Qaida talde islamiarrak 2001eko irailaren 11n Estatu Batuetan egindako erasoetan. New York erdiguneko Dorre Bikiak eta Pentagonoa, AEBko Defentsa Departamentuaren egoitza, eraitsi zituzten, bahitutako hiru hegazkin haien kontra leherrarazita. Laugarren bat Pennsylvanian erori zen, helburura iritsi aurretik. Aro berri bat zabaldu zen nazioarteko politikan.

Astearte goiza zen, 08:45 Estatu Batuetan (14:45, Euskal Herrian). American Airlines aire konpainiako Boeing 767 hegazkin batek Dorre Bikietako baten kontra jo zuen bete-betean, eta handik 18 minutura, United Airlineseko Boeing 757 aparatu bat beste dorrearen aurka lehertu zen. Bidaiari-hegazkinak ziren.

Komunikabide handienak zuzenean ematen ari ziren gertatzen ari zenaren irudiak, eta mundua begira zuten. Istripua izan zela esatera iritsi baziren ere, berehala zabaldu zen terrorismoaren mamua. George W. Bush AEBko orduko presidenteak Floridan jaso zuen berria, eskola bat bisitatzen ari zela, eta bera izan zen atentatu terrorista izan zela baieztatu zuena. Osama Bin Ladenen izena lau haizeetara zabaltzen hasi zen, erasoen erantzule modura.

Anabasaren erdian, 09:37 zirenean, hirugarren hegazkin bat lehertu zen Pentagonoaren kontra, hori ere, American Airlines konpainiaren bidaiari-hegazkina. Handik gutxira, Pennsylvanian lursail baten erdira erori zen laugarren aparatu bat, kontrola galduta.

Ikerketen arabera, lau hegazkinok bahitu egin zituzten Al-Qaidako hainbat kidek, ondoren atentatuak egiteko. 

Terrorismoaren kontrako gerra

Bush presidentearen erantzuna berehala etorri zen, eta terrorismoaren aurkako aurrekaririk gabeko gerra abiarazi zuen. Al Qaida eta talde horren burua, Osama Bin Laden, akabatzea jarri zuen helburutzat.

Sarraskia gertatu eta bederatzi egunera herritarren aurrean eskaini zuen hitzaldian, estatubatuarren historian jasota geratu den galdera bota zuen: "Zergatik gorrotatzen gaituzte? galdetuko diozue zeuen buruari. Hemen ikusten ari zaretena gorrotatzen dute, herritarrek demokratikoki aukeratutako Gobernua", esan zuen Bushek Kongresutik.  

Terrorismoaren kontrako gerra martxan zen, epemuga eta ortzi-muga jakinik gabe. Demokraziaren eta mendebaldearen balioen defentsan, denak balio duen ustea bere egin zuen AEBko presidenteak.

Besteak beste, 2001eko urrian iritsi ziren lehendabiziko bonbardaketak Afganistanera, eta hamar urte geroago, 2011n, Bin Laden hil zuten arren, gerra ez zen hor eten. 2021era arte luzatu da gerra, talibanek atzera berriz boterea bereganatu eta tropa estatubatuarrek handik alde egitea erabaki dutenean.

Epaiketa eta ikerketa

Covid-19aren pandemiak eraginda, I-11ko atentatuak argitzeko epaiketaren aurretiazko saioak ia urtebetez etenda egon dira, eta joan den asteartean abiatu ziren berriro. Khalid Sheikh Mohammed da akusatu nagusia, ustez erasoak pentsatu zituena. Horrekin batera, beste lau gizonezko epaituko dituzte: Walid Muhammad Salih Mubarak Bin 'Attash, Ramzi Bin al-Shibh, Ali Abdul Aziz Ali eta Mustafa Ahmed Adam al Hawsawi.

Irailaren 11n AEBn izandako atentatuak pentsatu, prestatu eta burutzea egozten zaie bostoi, eta epaimahaiak errudun jotzen baditu, heriotza zigorra jaso dezakete.

Bien bitartean, atentatuak argitzeko bidean, FBIk egindako ikerketari buruzko sekretupeko dokumentuak desklasifikatzeko agindua eman zuen Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak joan den astean bertan.

Hala, Bidenek agindu exekutibo bat sinatu du asteon eta, horren bitartez, dokumentuak berrikusteko agindu die AEBko Justizia Departamentuari eta beste gobernu-agentzia batzuei. Gauzak horrela, Merrick Garland AEBko fiskal nagusiak horren inguruko txostena egitea nahi du AEBko presidenteak, sei hilabeteko epean dokumentuak argitaratzeko helburuarekin, Etxe Zuriak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea New York Ameriketako Estatu Batuak Atentatuak Estatu Islamikoa Eguneko albisteak Albisteak Joe Biden