Mundua -
Aurkikuntza
12,76 kilateko diamante arrosa bat aurkitu dute Australian
Australiako meategi batean aurkitu dute diamantea eta 7,9 milioi euroko balioa izan dezake.
Erredakzioa
Rio Tinto konpainiak inoiz Australiako meategi batean topatu duten arrosa koloreko diamanterik handiena aurkitu dutela iragarri du. 12,76 kilate ditu eta merkatuan 7,9 milioi euroko balioa izan dezake.
Harri bitxi hori konpainia horrek Mendebaldeko Australia estatuan duen meategi batean aurkitu dute, Ekialdeko Kimberley eskualdeko Argyle diamante meategian, hain zuzen; mundu osoan saltzen diren diamante arrosa guztien % 90 bertan aurkitzen dituzte.
"26 urte pasatu dira Argylen harribitxi honekin topo egiteko, eta agian, ez dugu inoiz horrelako besterik ikusiko", esan du konpainiak ohar baten bitartez.
Arrosa argia koloreko diamante honi "Argyle Pink Jubilee" izena jarri diote eta Richard How Kim Kam adituak zizelkatu eta distira emango dio Perth hirian.
Konpainiaren arabera, Argyleko diamantea Ingalaterrako Elisabet II.a erreginak ezkondu zenean jaso zuen opariaren antzekoa da, baina erreginari eman ziotena Tanzaniako meategi batean aurkitu zuten.
2010ean Genevan egin zuten enkante batean, 24,78 kilateko diamante arrosa bat 34,7 milioi euroren truke saldu zuten.