Mundua -

Tren istripua, Argentinan

50 lagun hil dira eta 675 zauritu tren istripu batean, Buenos Airesen

Trena balaztarik gabe gelditu da. Zortzi bagoi zituen, eta 1.200 bidaiari zeuden barruan. Bi dolu egun deitu dituzte.

Biktimak ospitalera eraman dituzte. Argazkia: EFE.
Biktimak ospitalera eraman dituzte. Argazkia: EFE.
Hainbat hildako eta ehunka zauritu Argentinan izandako tren istripuan

01:48

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 50 pertsona hil dira, tartean adingabe bat, eta beste 675 zauritu asteazken honetan Buenos Airesen, tren bat nasaren aurka talka egin eta errailetik aterata. Once auzoko geltokian gelditu behar zuen trenak, baina balaztarik gabe geratu da.

Argentinako azken hamarkadetan izan den istripu larrienetan hirugarrena da asteazken honetakoa. Morena eta Buenos Aires arteko ibilbide egiten ari zen trenak zortzi bagoi zituen, eta 1.200 bidaiari zeuden bertan. Oncekoa Buenos Aires hiriko geltokirik jendetsuenetako bat da.Ehunka bidaiari zutik ziren, bagoiaren ateen ondoan, trenetik ahalik eta arinen ateratzeko.Hildako gehienak lehen bagoietako bidaiariak dira, eta, Daniel Russo Defentsa Zibileko zuzendariak esan duenez, ''estutasun'' handiko lana dute suhiltzaileek lehen bagoi horietan geratu diren bidariak ateratzeko, ''hilotzak pilatuta'' baitaude bertan.

Zauritutako 676 pertsonak hiriko erietxeetara eraman dituzte, gehienek kontusioak, hausturak, arnasa hartzeko arazoak eta ebakiak zituztela. Horietatik 460k oraindik erietxeetan jarraitzen dute, 200 larri. Zaurituen artean hainbat adingabe daude, batzuk egoera ''makalean'', eta tren gidaria ere erietxean dago.

Ezbeharra gertatu denetik hainbat ordu igaro badira ere, oraindik jendea dago ospitaleetan bere familiako kideen bila.

Pablo Schiavi Argentinako Garraio ministroak azaldu duenez, trena 26 kilometro orduko abiaduran sartu da geltokian, baina balaztarik gabe geratu omen da. Talkaren ondorioz, bagoi bat 26 metro sartu da beste bagoi baten barruan. ''Trena ohiko abiaduran sartu da geltokian. Ez dakigu zer gertatu den azken 40 metroetan. Gidaria bere tokian zegoen, baina trena ez da gelditu'', esan du prentsaurrekoan.''Dena grabatuta dago, eta horrek ikerketa erraztuko du'', gaineratu du ministroak. Agintariek tren gidariaren testigantza ere entzun nahi dute, ezbeharraren arrazoiak argitzeko.

Argentinako gobernuak bi dolu egun deitu ditu, eta bertan behera geratu dira inauteriak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea