Mundua -

Seychelle uharteetan

'Costa Allegra'ko bidaiariak, besteak beste 15 espainiar, onik daude

Sute baten ondorioz motorra itzali behar izan zuten. 636 bidaiari, horietako 15 espainiarrak, eta 413 eskifaiako langile daude bertan.

Costa Allegra ontzia. Argazkia: EITB
Costa Allegra ontzia.
Seychelle uharteetara eraman dute jitoan zegoen Costa Allegra ontzia

01:24

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bernardo Echevarria Costa Cruceroseko Espainiako zuzendari orokorrak azaldu duenez, 'Costa Allegra’ko bidaiari guztiak, besteak beste 15 espainiar, onik daude. Ontzian sute bat izan zen eta elektrizitaterik gabe gelditu zen barkua. Ordutik jitoan egon da, eta atoian eraman dute Indiako Ozeanoan zehar.

Espainiarrak Kanarietakoak, Kataluniakoak eta Madrilgoak dira besteak beste, Echevarriak Efe albiste agentziari jakinarazi dionez.

Halaber, kalte pertsonalik egon ez dela eta bidaiariak beren senideekin harremanetan daudela esan du Echevarriak.

‘Costa Allegra’ko ontzi-enpresaren aurreikuspenen arabera, ontzia ostegunean helduko da Mahe uhartera, Seychelleetako uharterik handienera.

Hala ere, Seychelle uharteetako Turismo Agintaritzak jakitera eman duenez, Costa Allegra itsasontzia, atoian eraman dute Desroches irlara.

Alain Saint Ange Turismo Agintaritzako zuzendariak azaldu duenez, Desrochesen luxuzko turismo zentro bat dago eta bidaiariak han egongo dira Mahera, uharte garrantzitsuenera, joan aurretik.

"Itsasontziaren jabearekin hitz egiten ari gara zer egin erabakitzeko; hala ere, bidaiariak hegazkinez eramatea ari gara pentsatzen", adierazi du Saint Angek.

Hoteletan bidaiari guztientzako tokirik ez dela egongo uste du agintariak, izan ere, inauteriak hasiko dira bertan ostiralean eta jende andana omen dago.

Hurrengo pausoa Seychelle uharteetatik joatea izango da, baina ziurrenik ez da hegaldirik egongo bidaiari guztientzat epe motzean.

Costa Allegraren egoerari dagokionez, Saint Angek adierazi du Mahera eraman nahi dutela atoian, baina hori bi egun inguruko lana izan litekeela.

Atzo, itsasontzia jitoan egon zen Seychelle uharteetatik 321 kilometrora, itsas-lapurren presentzia handia den eremu batean.

Ontzian 636 bidaiari daude, horietako 15 espainiarrak, eta eskifaia 413 langilek osatzen dute.

Konpainia bereko Costa Concordia itsasontziak hondoa jo eta 25 hildako utzi eta hilabete eta erdira gertatu da gaurko istripua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea