Mundua -
Tragedia
200 pertsona hil dira Kongoko hiriburuan, hainbat eztandatan
Brazavilleko arma biltegian piztutako sutea zirkuitulabur batek eragin zuen. Segurtasun Indarrek hondakinen artetik hildakoak erreskatatzen jarraitzen dute.
Erredakzioa
Brazzavillen, Kongoko hiriburuan, igande goizean arma biltegi batean piztutako sutearen ondorioz izandako leherketetan 200 pertsona hil dira eta ehunka zauritu.
Hala ere, litekeena da zenbateko horrek datozen orduetan gora egitea; izan ere, Segurtasun Indarrek hondakinen artetik gorpuak ateratzen jarraitzen dute.
Kongoko Gobernuko bozeramaileak adierazi duenez, Mpila auzoan kokatutako arma biltegian zirkuitulabur batek eragindako sutea "kontrolpean" dago nahiz eta hainbat "gunek piztuta" jarraitzen duten.
Segurtasun indarretako dozenaka agente inguruak begiztatzen ari dira ezbeharrak eragindako kaosa dela eta, auzoko etxebizitza eta dendetan erasorik eta lapurretarik izan ez dadin.
Arma biltegian igande goizean sortutako sutearen ondorioz, leherketa bortitzak jazo ziren Kongo ibaiaren inguruan, Mpila auzoan. Kalte handiak egin ditu Brazzaville hiriburuan, baita ibaiaren beste aldean, Kinshaha hirian, Kongoko Errepublika Demokratikoko hiriburuan, ere.