Mundua -

Frantzia

Gizon batek polizia bat zauritu du labanaz Cannesen

Barne Ministerioaren arabera, "ekintza terrorista" bat izan liteke. Ustezko erasotzaileak patruila baten autoko atea zabaldu eta agente bat zauritu du. Ondoren, tiro egin diote beste agenteek.

Erasoaren lekua. Argazkia: Reuters
Erasoaren lekua.
Polizia bati labanaz eraso egin diote Cannesen

0:36

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizon batek polizia bat zauritu du aizto batekin Cannesen (Frantzia). Erasoa egin ostean, gainerako agenteek "neutralizatu" egin dute ustezko erasotzailea.

Iturri polizialek France Info irrati kateari esan diotenez, gertakariak 06:30ean jazo dira Canneseko polizia-etxetik gertu. Gizona polizia-auto batera hurbildu da, atea ireki du eta labana batez eraso dio barruan zegoen agente bati.

Ondoren, beste atea zabaltzera joan da, baina gainerako agenteek tiro egin diote.

Barne Ministerioaren iturriek zabaldu dutenez, "ekintza terrorista" izan liteke. Poliziaren iturriek France Press agentziari esandakoaren arabera, gizonak "Mahomaren izenean" ari zela bota du.

Gerald Darmanin Barne ministroak Twitterren adierazi duenez, agente bat arma zuriz zauritu dute. Cannesera bidean dagoela erantsi du.

David Lisnard Canneseko alkateak azpimarratu du ez dela inor hil eta gertatutakoa ikertzen ari direla.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Frantzia Eguneko albisteak Albisteak