Mundua -

Migrazioa krisia

Bielorrusia zibilak "erabiltzen" ari dela salatu du Poloniak

Bestalde, Turkiak iragarri du ez diela Bielorrusiara bidaiatzen utziko irakiarrei, siriarrei eta yemendarrei.

Emakume bat, seme-alabak ondoan dituela, ura hartzen Bielorrusiako mugan. Argazkia: EFE
Emakume bat, seme-alabak ondoan dituela, ura hartzen Bielorrusiako mugan.
Emakume bat, seme-alabak ondoan dituela, ura hartzen Bielorrusiako mugan. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Poloniako Defentsa Ministerioak salatu duenez, Bielorrusia "emakume eta umeak erabiltzen" ari da "propaganda egiteko".

"Bielorrusia pertsona migratzaileak erabiltzen ari den beste adibide bat. Mugako hesian barrena ibiltzera behartzen dituzte, batez ere umeak eta emakumeak", kritikatu du Ministerioak sare sozialetan zabaldutako mezu batean. Mezuarekin batera, mugaren ondoan noraezean dabiltzan pertsonak ageri diren bideoa erakutsi du.

Bezperan, Stanislaw Zaryn Poloniako Barne ministrordeak esan zuen "Bielorrusia emozioak sortzeko propaganda kanpaina" betean dagoela. Antza, umeak ageri diren irudiak zabaltzeko eskatzen ari da. 

Bien bitartean, muga igarotzen saiatzen direnak kanporatzen jarraitzen du Poloniak. Ostiral honetan, 200 saiakera baino gehiago izan dira: 26 kanporaketa eta hiru atxiloketa egin dituzte.

Poloniako agintarien hitzetan, "migrazio krisia abiatu zenetik, abuztutik, muga legez kanpo zeharkatzeko 33.200 saiakera egon dira; iaz, sasoi berean, 88 izan ziren".

Ehunka pertsona, gehienak Ekialde Erditik eta Afganistandik joandakoak, kanpatuta daude bi herrialde horien arteko muga osatzen duten 420 kilometroetan. 

Varsoviak uste du Lukaxenkaren erregimenak milaka pertsona migratzaileri Bielorrusian sartzeko baimena eman diela, xaxatuta, Europar Batasunera sartzeko aukera izango dutela esanez.

Poloniak alerta egoera du ezarrita mugako herrietan. Berriki atzerri legea ere aldatu du kanporaketa arinak egin ahal izateko, eta mugan harresia altxatzen ari da.

Irakiarrei, siriarrei eta yemendarrei hegan egiteko debekua

Halaber, Irakeko, Siriako eta Yemengo herritarrek debekatuta izango dute aurrerantzean Turkiatik Bielorrusiarako hegazkina hartzea, Turkiako Abiazioak gaur jakinarazi duenez.

Iragarpenaren aurrean, Irakek Errusian duen enbaxadak hegazkina eskaini die Bielorrusian dauden herritarrei, "etxera itzul daitezen". Ahmed al Sahaf Atzerri Ministerioko bozeramaileak azaldu duenez, izena emateko epea zabaldu dute eta pasaportea galdu dutenei behin-behineko bat emango dietela hitzeman du.

"Borondatezko itzulerak izango dira, doakoak", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Migrazioa Errusia Salaketak Eguneko albisteak Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan Turkia Haurtzaroa albisteak Errefuxiatuak Irak Zer gertatu da gaur Varsovian?