Mundua -
Elkarrizketa Radio Euskadin
'Lurrikaratik urtebete igaro bada ere, japoniarrak izututa daude'
Tomas Ezeizabarrena jesuitak gogoratu du istripu nuklearren ondorioak "urte batzuk igarota" antzematen direla, "Hiroshima edo Nagasakin gertatu zen moduan".
G. Palacios
Tomas Ezeizabarrena jesuita donostiarrak 65 urte daramatza Tokion bizitzen eta duela urtebete Japonia astindu zuen lurrikaren lekukoa izan zen. "Ondorio ekonomikoak edo politikoak handiak izan dira, baina larriena hildako pertsonen kopurua izan da", nabarmendu du.
Japoniako hondamendian 20.000 lagun inguru hil ziren eta "gaur egun 1.000 ume bakarrik daude, guraso eta seniderik gabe", adierazi du Radio Euskadin egindako elkarrizketan.
Ezeizabarrenak azaldu duenez, "azken urtean milioi bat bolondres aritu dira lanean, lurrikarak eragindako kalteak konpontzeko asmoz; japoniarrak irmo daude, batuta eta lanean", erantsi du.
Bestalde, lurrikara gertatu zela urtebete igaro bada ere, Japonian oraindik beldurra nagusi dela onartu du, izan ere, "lurrikarak Fukushiman eragin zuen istripu nuklearraren ondorioak ez dira zauriak edo gaixotasunak bezala antzematen, eta, Hiroshiman edo Fukushiman, gertatu zen moduan, urteak igarotzean agertzen dira", zehaztu du.
Nolanahi ere, Ezeizabarrenak esan du, "apurka-apurka bada ere", jendea Fukushima hirira bueltatzen hasi dela, "hori bai, erdigunean bizi zirenek ezingo dute itzuli, zonalde horrek itxita jarraitzen duelako".