Itxi

Mundua

Tsunamia

Laguntza humanitarioa heldu da Tongara, sumendiak eztanda egin eta bost egunera

Agentziak | EITB Media

Australiako eta Zelanda Berriko hegazkinak lurreratu dira premia biziko hornigaiekin. Edateko urak "erabateko lehentasuna" du; bihar bertan iritsiko da itsasontzi bat 250.000 litrorekin.

  • Australiako hegazkin bat laguntza humanitarioarekin.

    Australiako hegazkin bat laguntza humanitarioarekin. Argazkia: EFE

Premia biziko hornigaiak Tongara iritsi dira, sumendi baten eztandak eta tsunami batek jo eta bost egunera. Gutxienez hiru hildako utzi ditu hondamendiak. Nazio Batuen arabera, 84.000 laguni eragin dio, Tongaren biztanleriaren % 80 baino gehiagori.

Zelanda Berritik eta Australiatik heldu dira hegazkinak Tongara, Euskal Herrian ordu txikiak zirenean. Aste hasierarako aurreikusi zuten aireko laguntza ematea. Halere, lur hartzeko pistetan sumendiaren errautsak bilduta, horiek garbitu arte atzeratu egin behar izan dute laguntza.

Zelanda Berriko Aireko Armada 04:00etan iritsi da, laguntza humanitarioarekin, aterpeekin, sorgailu elektrikoekin, higienerako produktuekin eta telekomunikaziorako ekipamenduarekin. Era berean, Australiako hegazkin militar batek ere eraman ditu ura gezatzeko ekipoak, aterpeak, sukaldeak eta lur hartzeko pistak garbitzeko materiala.

Bestalde, Zelanda Berriko itsasontzi bat porturatu da Tongan, hara iristeko bideak ikuskatzeko. Bihar bertan iritsiko da beste itsasontzi bat 250.000 litrorekin eta ura gezatzeko ekipoekin; 70.000 litro ur gatzgabetu ahal izango dira egunean. Rachael Moorek, Australiaren Tongako komisaritzaren arduradunak, adierazi du edateko ura "erabateko lehentasuna" dela oraintxe bertan. Beste itsasontzi bat ere bidean da Australiatik; bihar iritsiko da hori ere.

Bere aldetik, Munduko Bankuak zazpi milioi euro inguruko finantzazioa iragarri du Tongako ondorioak arintzeko. Funts hauen bidez oinarrizko zerbitzuak eta familia zaurgarrienak lagunduko dira.

Hondamendiak eragindakoa

Hunga Tonga-Hunga Ha'apai sumendiaren eztandak eta tsunamiak suntsitu egin du Tonga. 15 metrorainoko olatuek jo zituzten Ha'apaiko irlak; Mango irlako etxe guztiak eraitsi zituzten. Tsunamia Tongatapu irla nagusiko kostara ere heldu zen; 56 etxe hondatu zituen. Fatafehi Fakafanua Tongako biltzar legegileko bozeramailearen arabera, herrialdearen berreskurapena "oso, oso, oso luzea" izango da.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena