Mundua -

Zentsura

Sei atxilotu Txinan, Estatu-kolpe baten zurrumurruak zabaltzeagatik

Halaber, 16 webgune itxi dituzte eta Txinako bi sare sozial nagusienetan iruzkinak idaztea debekatu dute. Operazio honetan "errietak eta hezkuntza" ere eman dizkiete hainbat lagunei.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sei lagun atxilotu, 16 webgune itxi eta bi sare sozial nagusienetan iruzkinak idaztea debekatu dituzte Txinan azken astean Interneten bidez Estatu-kolpe baten inguruan zurrumurruak zabaldu ostean, Txinako prentsa ofizialak zabaldu duenez.

Joan den astean Tiananmeneko enparantzan izandako ustezko tiroketaren edo Beijinen ibilgailu militarren sartzearen gaineko zurrumurruak zabaldu zuten Interneten eta horren ondorioz, atzerriko hainbat komunikabidek balizko Estatu-kolpe baten inguruan ikertu zuten. Izan ere, Gobernuaren barnean tentsioz beteriko une bat bizi da irailean izango den botere aldaketak lagunduta.

Zurrumuru hauek "eragin txarra" izan dute publikoarengan, Gobernuko prentsa bulegoak azpimarratu duenez. Interneteko edukien gainean kontrol zorrotzak egiten badira ere, Interneteko erabiltzaile kopuru handiena Txinatik dator (513 milioi erabiltzaile).

Operazio honekin batera, Interneten zurrumurruak zabaltzen dituztenek zigor handiak jasoko dituztela ohartarazi du Txinako Gobernuak larunbat honetan Alderdi Komunistaren kazeta ofizialean argitaratutako editorial batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea