Mundua -

Portugalgo Hauteskundeak

Alderdi Sozialistak gehiengo osoa lortu du Portugalen, eta Antonio Costak lehen ministro karguan jarraituko du

Oposizioko PSD zentro-eskuineko alderdiak, Rui Rio buru duena, botoen ia % 28 eskuratu ditu. Inkestek sozialisten eta sozialdemokraten arteko berdinketa teknikoa iragarri zuten.

Antonio Costa Portugalgo lehen ministro eta Alderdi Sozialistaren hautagaia garaipena ospatzen. EFE
Antonio Costa Portugalgo lehen ministro eta Alderdi Sozialistaren hautagaia garaipena ospatzen
Antonio Costa sozialistak gehiengo osoa lortu du Portugalgo hauteskundeetan

1:16

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Antonio Costa lehen ministroa buru duen Alderdi Sozialistak (PS) irabazi ditu Portugalen igande honetan egin dituzten hauteskunde legegileak, gehiengo osoarekin gainera. Botoen % 99,13 zenbatuta, sozialistek botoen % 41,68ko babesa eskuratu dute (117 eserleku). 116 eserleku behar dira Portugalen gehiengo osoa izateko, eta bigarren aldiz lortu dute sozialistek.

Barne Administrazioko Ministerioak argitaratutako datuen arabera, oposizioko PSD alderdi zentro-eskuindarrak, Rui Riok gidatzen duenak, botoen % 28 lortu ditu (71 eserleku).

Emaitza horiek ezustean iritsi dira, kanpainaren azken egunetan zabaldutako inkestek bi alderdien arteko berdinketa teknikoa iragarri baitzuten.

Chega eskuin-muturreko alderdiak orain arte Parlamentuan diputatu bakarra zuen, baina botoen % 7 baino gehiago jasota (12 eserleku), hirugarren indarra izango da.

Orain arte postu horretan zegoen eta sozialistekin "geringonça" deiturikoa osatzen zuen Bloco de Esquerdak atzera egin du nabarmen, % 7tik % 4,46ra, eta bosgarren indarra izango da, komunistek eta berdeek osatutako koalizioaren aurretik (botoen % 4,39).

Portugalgo hauteskunde legegileak aurreratu egin behar izan dituzte sozialistek ez dutelako lortu aurrekontuak onartzea.

Antonio Costa: "Gehiengo osoa ez da botere absolutua edo bakarrik gobernatzea"

Hauteskundeetako emaitzak ezagutu ondotik Antonio Costak eskaini duen lehen hitzaldian azpimarratu duenez, gehiengo osoa ez da botere absolutua izatea edo bakarrik gobernatzea.

Gehiengo osoa izan arren, bere helburuetako bat portugaldarrak berradiskidetzea dela nabarmendu du, eta elkarrizketa eskaini dio oposizioari.

"Sei urtez lehen ministro izan ondoren eta azken 2 urteetan pandemia baten aurkako aurrekaririk gabeko borroka batean murgiluta egon ondoren, ilusio handiz hartzen dut erantzukizun hau", gehitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Portugal Hauteskundeak