Mundua -
Grezia
Zakynthos, itsuak ez diren itsuen irla
700 lagunek eskatzen zituzten laguntzak itsutasunagatik, baina erregistrora joateko eskatu zitzaienean, 100 bakarrik joan ziren eta horietako 50 soilik ziren benetan itsuak.
Erredakzioa
Zakynthos irla greziarra, orain arte hondartza ederrengatik eta ur gardenengatik ezagun zena, "itsuen irla" izena hartzen ari da Osasun Ministerioak itsutasunagatik laguntzak eskatzen zituztenen kopurua sinestezina zela frogatu ostean.
Wall Street Journal egunkariak Greziako Osasun Ministerioaren datuetan oinarrituta argitaratu duenez, irlako 39.000 biztanleen % 1,8k eskatu zituzten laguntzak itsutasunagatik iaz. Kopuru hori Europako batez bestekoa halako bederatzi da.
Zakynthos ustelkeriaren sinbolo bihurtu da, eta kontuan izan behar da Greziaren krisi ekonomikoan ustelkeriak izan duen garrantzia. Grezia, nazioarteko hartzekodunen presiopean, esfortzu handiak egiten ari da ustelkeriari aurre egiteko.
Iruzurra desagerrarazteko, Greziako Osasun Ministerioak legea erreformatu berri du ezgaitasunengatik diru-laguntzak eskatzen dituztenak erregistro batean sartzeko. Kaltetuek eurek joan behar zuten erregistrora eta azkenean, 700 itsu horietatik 100 bakarrik joan ziren eta horietako 50 besterik ez ziren benetan itsuak.