Mundua -
AEBetan
'Heriotzaren merkataria'ri 25 urteko kartzela-zigorra jarri diote
Victor Bout munduko arma-trafikante garrantzitsuenak errugabea dela berretsi eta epaiaren kontrako errekurtsoa aurkeztuko duela iragarri du.
Erredakzioa
New Yorkeko epaile federal batek 25 urteko kartzela-zigorra ezarri dio Victor Bout "Heriotzaren Merkataria" goitizenaz ezaguna den arma-trafikante errusiarrari. Herri epaimahai batek errudun jo zuen AEBetako herritarrak hiltzeko konspiratzeagatik eta FARC-i armak saltzeagatik.
Gauzak horrela, Boutek biziarteko kartzela-zigorra saihestea lortu du, azaroan errudun jo zuten delituek horretarako aukera ematen baitzioten epaileari. Trafikanteak 45 urte ditu eta Tailandian atxilotu zuten, 2008an.
Epaia irakurri dutenean, errusiarrak errugabea dela berretsi eta erabakiaren kontrako errekurtsoa aurkeztuko duela iragarri du.
AEBek herritar eta funtzionario estatubatuarrak hiltzeko konspiratzea, talde terroristei eta ezkutuko agente federalei armak saltzen saiatzea eta iruzur egitea leporatu zioten Victor Bouti.
Errusia, Bouten alde
AEBetako agintarien arabera, "Heriotzaren Merkataria"k zenbait milioi dolarretan balioztutako armak saldu zizkion Colombiako Indar Armatu Iraultzaileei (FARC). Talde hori talde terroristen AEBetako zerrendan agertzen da.
Victor Boutek hasieratik defendatu du bere errugabetasuna, eta epaikera prozesu politikoa baino ez dela salatu du. Errusiako Gobernuak ideia horrekin bat egiten du, eta Bout Tailandiatik AEBetara estraditatzea saihesten saiatu zen. Bout Tailandiako kartzela batean izan zen 2010ean Washingtonera eraman zuten arte.