Mundua -
Frantziako hauteskundeetan
Sarkozy, Europako Banku Zentralaren gainean eztabaidatzeko prest
Bestalde, hauteskunde kanpainaren barneko ekitaldi batean François Hollande hautagai sozialistak azpimarratu duenez, presidentetza lortzen badu, Frantzia "indartsuagoa izango da merkatuetan".
Erredakzioa
Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea eta presidentetza berriro lortzeko hautagaiak Parisen izandako mitin batean esan duenez, agintaldia berritzekotan, Europako Banku Zentralaren paperari buruzko eztabaida jarriko luke mahai gainean.
"Mugen arazoa eta Europako Banku Zentralaren papera ere planteatu nahi ditut. Ezin diogu uko egin, munduko ekonomian atzera Europa geratu nahi ez bada, hazkundeari eutsi behar diogu", adierazi du Sarkozyk Konkordia Plazan izandako mitin jendetsu batean.
"Ez dago tabu den gairik edo eztabaidarik. Europako Banku Zentralak ezin zuela euroa salbatu esan ziguten...", nabarmendu du. "Europa eraikitzen badugu gu babesteko izan zen, ez gure zibilizazioa suntsitzeko. Amaiera arte egingo dut, Schengenen Hitzarmena bera era baliogabetu arte, beharrezkoa bada", ohartarazi du mitinean. Hitzaldiaren publikoen artean Carla Bruni bere emaztea zegoen, lehen lerroan eserita.
Frantzia "indartsuago" bat
Bestalde, François Hollande hautagai sozialistak esan duenez, hauteskundeak irabazten baditu, Frantzia "indartsuagoa izango da merkatuetan". "Frantziarren konfidantza lortzen badut pribilegioen amaiera izango da", iragarri du, "Frantzia ahuldu duena ez da bakarrik krisia izan, zentzurik gabeko hainbat politikek baizik".
Azken inkesten arabera, maiatzaren 6an izango diren hauteskunde hauetako bigarren bueltan baliteke Hollande garaile ateratzea eta botoen % 54 eskuratzea.