Mundua -
AEB - VENEZUELA
Venezuelari petrolioa erosteko lehen elkarrizketen ondoren, Maduroren Gobernuak bi estatubatuar askatu ditu
Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak Errusiako petrolio eta gas inportazioak debekatu ditu eta, horren ordez, Venezuelako petrolioaren enbargoa kentzea aztertzen ari da. Aske utzi dituzten bi estatubatuarrak Gustavo Adolfo Cardenas eta Jorge Fernandez dira.
AGENTZIAK | EITB Media
Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) bi funtzionario Venezuelako Gobernuarekin bildu ziren iragan asteburuan "segurtasun energetikoaz" hitz egiteko, Ukrainako gerrak energiaren prezioen igoera eragin duen honetan.
Bisitaren ostean, Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak atzo ziurtatu zuen ez duela Venezuelarekiko politika aldatu.
Hala ere, hedabide estatubatuarren arabera, Joe Biden buru duen gobernua Venezuelako petrolioaren gaineko enbargoa kentzea aztertzen ari da. Atzo bertan Errusiako petrolio eta gas inportazioak debekatu zituen Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak, Ukrainako gerragatik Moskuri presioa egiteko neurri gisa.
Oraingoz, Etxe Zuriak ez du baieztatu Venezuelari zigorrak arinduko ote dizkion ala ez.
Testuinguru horretan, herrialdean preso zeuden bi estatubatuar askatu ditu Venezuelako Gobernuak: Gustavo Adolfo Cardenas eta Jorge Fernandez.