Mundua -

Istiluak Korsikan

Frantziako Gobernua prest dago Korsikako autonomiaz hitz egiteko, baldin eta indarkeria amaitzen bada

"Asmoa da egutegi bat adostea eta egiten dizkiguten eskaera zehatzak entzutea. Hurrengo hilabeteetan edo urteetan ikusiko dugu zer gertatzen den, baina prozesua luzea da", ohartarazi du Frantziako Barne ministro Gerald Darmaninek.

Korsikan izandako manifestazioetako bat
Korsikan izandako manifestazioetako bat
Korsikan izandako manifestazioetako bat

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Gobernuak asteazken honetan aurreratu du Korsikako autonomiaz hitz egiteko prest dagoela, baldin eta Yan Colonna preso korsikarraren eraso larriaren ondotik piztutako istiluak bukatzen badira.

Presidentetzarako hauteskundeak egiteko hogei egun falta direnean eta Ukrainako gerra betean, "arazo berri bati" aurre egin beharrean dago Emmanuel Macronen gobernua.

Izan ere, duela bi aste, preso islamiar batek bizi osoko kartzela-zigorra duen Colonnari eraso egin zion, eta geroztik larri dago 61 urteko presoa. Ordudanik, egunero manifestazioak egin dituzte Korsikan, eta istiluak ekarri dituzte protestetako askok.

Egoera are gehiago nahastu ez dadin, Gerald Darmanin Barne ministroak adierazi du Gobernua elkarrizketarako prest dagoela, baina irla horrek autonomia lortzeko bidea ireki aurretik, gatazka bukatu behar dela.

Parisen egindako agerraldian, Barne ministroak onartu du Gobernua oso kezkatuta dagoela ordena publikoa aztoratu dutelako, eta horrek korsikarren bizimoduan eragina izan duelako.

"Turismo sektorea da Korsikak duen diru-iturri nagusienetakoa, eta dagoeneko iragarri dute jendea bidaiak bertan behera uzten ari dela", deitoratu du.

"Badakigu orain duten autonomia ez dela amestutakoa, baina hauteskundeak egin arte geratzen diren hogei egunetan ez da ezer aldatuko", aitortu du.

"Asmoa da egutegi bat adostea eta egiten dizkiguten eskaera zehatzak entzutea. Hurrengo hilabeteetan edo urteetan ikusiko dugu zer gertatzen den, baina prozesua luzea da", ohartarazi du Frantziako Barne ministro Gerald Darmaninek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europa Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Frantzia Emmanuel Macron Frantziako Gobernua