Mundua -
Ukrainako gerra
Oksana Baulina kazetari errusiarra hil da Kieven egindako eraso batean
Oksana Baulina 'The Insider' komunikabideko langilea zen. Ukrainako gerra hasi zenetik zazpi kazetari hil dituzte.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
The Insider komunikabideko Oksana Baulina kazetari errusiarra hil da aste honetan Kieveko saltoki handi baten aurka egindako bonbardaketan.
Errusiako Armadaren erasoaldian, beste zibil bat ere hil da eta kazetariarekin zihoazen beste bi lagun zauritu dira. Erietxean daude biak.
The Insider egunkaria Kremlinen jomugan dago, atzerriko finantzazioa jasotzen duelako. Aleksei Navalni oposizioko buruzagiaren Ustelkeriaren aurkako Funtsaren ekoiztetxean aritu zen lanean Baulina, The Insider hedabidera joan aurretik.
Gobernuak egunkari hori "muturrekotzat" jo zuenean, Baulina Errusiatik joan zen, baina herrialde horretako ustelkeria kasuak ikertzen jarraitu zuen. Egunotan, Ukrainan zegoen gerraren berri bertatik emateko.
Errusiak herrialde hori inbaditu zuenetik, zazpi kazetari hil dira jada: Dilerbek Shukurovich Shakirov, Yevgueni Sakun, Viktor Dudar, Brent Renaud, Pierre Zakrzewski eta Oleksandra Kurshynova.