Mundua -
Ekialdeko hiri batean
29 pertsona zauritu dira lau leherketengatik Ukrainan
Zainketa intentsiboetan daude larri zauritutako zortzi pertsona, besteak beste, aurpegian lesio larriak dituen 16 urteko gazte bat eta eskua kendutako gizonezko bat.
Erredakzioa
Gutxienez 29 pertsona zauritu dira (horietatik bederatzi adingabeak) ostiral honetan, Dnepropetrovsk Ukraina ekialdeko hirian, lau leherketengatik, Ukrainako Barne Ministerioak jakitera eman duenez.
Zainketa intentsiboetan daude larri zauritutako zortzi pertsona, besteak beste, aurpegian lesio larriak dituen 16 urteko gazte bat eta eskua kendutako gizonezko bat.
Beste biktima guztiak ospitalera eraman dituzte, gehienak erredurekin eta kommozioekin, Ukrainako agentzien arabera.
Lehenengo leherketa eguerdia baino lehen izan da, hiriaren erdi-erdian, bidaiariz betetako bagoi bat zetorrenean. Hamabi pertsona zauritu dira.
Ordu erdi geroago bigarren leherketa izan da “Rodina” zinetik gertu, hamaika zauritu utzi ditu, horietatik bederatzi haurrak ziren. Hirugarren leherketak bi zauritu utzi ditu.
Polizia lokalak jakinarazi duenez, lehergailu guztiak zabor-edukiontzi txikietan jarrita zeuden. Leherketek izua piztu zuten milioi bat herritar baino gehiago bizi diren hirian. Etxeetan babestu ziren eta euren seme-alabak eskolatik irtetera joan ziren.
Victor Yanukovich Ukrainako presidenteak hala aginduta, agintariek segurtasuna sendotu dute herrian eta maiatzaren 2ra arte ekitaldi jendetsu guztiak atzeratu dituzte, maiatzaren 1eko festak barne.