Mundua -
Afaria Obamarekin
'Txiste ugari ditut baina Zerbitzu Sekretuaren oniritzia behar dut'
Barack Obama AEBetako presidentea umoretsu azaldu zen urtero ospatzen den Berriemaileen Afarian. Obamak bere buruari iseka egin zion eta baita arerio politiko errepublikarrei ere.
Erredakzioa
Barack Obama AEBetako presidenteak txantxa anitz egin zituen larunbat honetan Hilton Hotelean izandako urteroko Berriemaileen Afarian. Horrela, 2.300 gonbidatuen aurrean, Obamak bere buruari iseka egin zion eta Etxe Zurira iritsi zenetik zeharo zaharkitu dela esan zuen.
Afarian izandako gonbidatu gehienak kazetariak baziren ere, musika eta zinema munduko izarrak ere bazeuden, tartean, Steven Spielberg zuzendaria, George Cloonney eta Lindsay Lohan aktoreak eta baita Jose Andres sukaldari espainiarra, besteak beste.
Hitzaldia egin baino lehen, eszenatokiaren atzean egon zen Obama eta erretzeko beharra zuela xurxulatu zuen. "Zigarro bat behar dut", esan zuen behin baino gehiagotan, erretzeari utzi diola sarritan baieztatu badu ere.
Osama bin Laden Al Kaidako burua hil zutenetik urtebete igaro da eta urteurren hau gogoratu zuen Obamak bere hitzaldian. "Duela urtebete, asteburu honetan hain justu, merezi zuena eman genion munduko gizonezko ezagunenetarikoari", nabarmendu zuen.
'Protokolo berria ezarri baino lehen'
Halaber, Kolonbian izandako Ameriketako Goi-bileran Obamaren bizkartzainekin izandako eskandaluari aipamena egin zion AEBetako presidenteak. "Txiste gehiago ditut baina, protokolo berria ezarri baino lehen, Zerbitzu Sekretuaren oniritzia behar dut zuei kontatzeko", adierazi zuen Obamak hogei minutu inguru txantak botatzen eman ostean.
Amaitzeko, kazetarien papera goraipatu zuen, "horrelako egunetan, adierazpen askatasuna gure desberdintasunen gainetik gailentzen da".