Mundua -

Hauteskundeak Frantzian

Le Pen Errusiako gasa blokeatzearen aurka agertu da, eta Putinen menpe egotea egotzi dio Macronek

Emmanuel Macronek eta Marine Le Penek, besteak beste, Errusiarekin izan beharreko harremanaz eta Europari buruzko ikuspegiaz eztabaidatu dute telebistaz eman den debatean. Hauteskundeen bigarren itzulia igande honetan jokatuko da.

Macron eta Le Pen, hauteskunde eztabaidan. Argazkia: EFE
Macron eta Le Pen, hauteskunde eztabaidan. Argazkia: EFE
Macron eta Le Pen, hauteskunde eztabaidan. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emmanuel Macronek eta Marine Le Penek ia hiru orduko hauteskunde eztabaida egin dute gaur gauean. Ziurrenik, hautagai ultraeskuindarraren azken aukera izan da datorren igandeko hauteskunde presidentzialak irabazteko; izan ere, azken egunetako inkesten arabera, Macron da faborito nagusia.

Debatean, besteak beste, Errusiarekin izan beharreko harremanaz eta Europari buruzko ikuspegiaz eztabaidatu dute. Hala, Macronek Ukrainako gerraren aurrean hartu dituen erabaki guztiak babestu ditu Le Penek, bat izan ezik: Errusiako gasaren eta petrolioaren inportazioari ezarritako blokeoa.  

Ukrainaren inbasioaren harira, hautagai ultraeskuindarrak adierazi du aintzat hartzen dituela Macronek bakea lortzeko egindako "ahaleginak" eta azpimarratu du Ukrainara armak, laguntza humanitarioa eta bitarteko ekonomikoak bidaltzearen alde dagoela.

Alabaina, Errusiari ezarritako zigorrei dagokionez, herrialde horretako gasaren eta petrolioaren inportazioa mugatzearen kontra agertu da.

"Uste dut Frantziari kalte egingo diola horrek, gure herritarrei eta enpresei, eta ez Errusiari, gasa eta petrolioa beste herrialde batzuei salduko dietelako", esan du.

Ildo berean, Errusia eta Txina aliatu egin daitezkeela ohartarazi du: "Europarentzat eta munduarentzat arriskutsua izango litzatekeen potentzia ekonomiko eta militar handia sor dezakete".  

Ironiaz, Macronek erantzun dio pozten dela eskuin muturrak historikoki izan duen jarrera aldatu duelako; izan ere, "hemen esan duzuna orain arte egin duzuenaren alderantzizkoa da".

Hala, gogoratu du Le Penek Krimea Errusiarekin anexionatzea babestu zuela 2014an eta erantsi du indarrez egindako bateratzea izan zela.  

Horrez gain, 2015ean, bere alderdia finantzatzeko Errusiako banku bati mailegu bat eskatu ziola aurpegiratu dio. "Zu Errusiako boteretsuen eta Putin jaunaren menpe zaude", erantsi du.

Le Penek esan du kritika hori egitea ez dela zilegi, "banku frantziar bakar batek ere ez zigulako krediturik eman nahi izan eta garai hartan zu zinelako Frantziako Ekonomia ministro".

Europar Batasunaren etorkizuna

Bestalde, Macronek ohartarazi du, Le Penek argi eta garbi adierazi ez arren, Frantzia Europar Batasunetik aterako duela, hauteskundeak irabaziz gero.

Horren aurrean, Europar Batasunaren proiektua defendatu du Macronek eta Frantzia eta Alemaniaren arteko zuzendaritzan konfiantza izateko eskatu die herritarrei. "Horrela lortuko dugu subiranotasun gehiago lortzea, beste herrialde boteretsuen aurrean", ziurtatu du.

Le Penek erantzun dio subiranotasun europarra ez dela existitzen, Europako herritarrik existitzen ez delako. "Frantziaren subiranotasuna Europakoarengandik aldatu nahi duzu, horregatik jarri duzu Europako bandera Garaipenaren Arkuaren azpian", kritikatu du.

Gauzak horrela, Le Penek esan du Europar Batasuna erreformatuko lukeela, nazioen aliantza bat izan dadin.

Prezioen igoera

Eros-ahalmenaren galerari dagokionez, Le Penek agindu du presidente izanez gero, energia-iturrien gaineko BEZa % 20tik % 5,5era jaitsiko duela eta beste hainbat neurri hartuko dituela familien diru-sarrerak 150-200 euro artean handitzeko.

Macronek, berriz, bere Gobernuak hartutako neurrien eraginkortasuna nabarmendu du, besteak beste, gasaren eta argindarraren prezioak murrizteko. Halaber, BEZa jaitsita, "inportatu beharreko energia fosilen kontsumoa handituko" litzatekeela ohartarazi du.

Horrez gain, adierazi du BEZaren jaitsiera herritar guztien mesederako izango litzatekeela, baita aberatsenen alderako ere. Aldiz, diru-sarrera nahikorik ez duten familiei zuzendutako txekeekin, benetako beharrizanak dituzten pertsonei laguntzen zaiela azpimarratu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Frantzia Emmanuel Macron