Mundua -

UKRAINAKO GERRA

Errusiak dio Mariupolen kontrola hartu duela, baina bertan behera utzi du altzairutegiaren aurkako erasoaldia

Azovstaleko altzairutegia Mariupolen dagoen erresistentzia puntu bakarretakoa da, baina Putinek gelditu egin du horren aurkako erasoa,"errusiar soldaduen biziak salbatzeko".

Soldaduen ibilgailu bat Ukrainako Mariupol hiriko kaleetan zehar. Artxiboko argazkia: EFE.
Soldaduen ibilgailu bat Ukrainako Mariupol hiriko kaleetan zehar
Errusiak hartutzat eman du Mariupol, eta Azovstaleko industria gunea blokeatzea agindu du

1:24

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sergei Shoigu Errusiako Defentsa ministroak gaur adierazi duenez, herrialdeko indar armatuek Ukrainako Mariupol hiriaren kontrola hartu dute.

"Errusiako Federazioko Indar Armatuek eta Donetskeko herri errepublikako miliziek Mariupol askatu dute, eta soldadu nazionalistak Azovstal lantegiko industrialdean babestu dira", esan du Shoiguk Vladimir Putin Errusiako presidentearekin egindako bileran.

Azovstaleko instalazioari erasotzeko agindua bertan behera

Errusiako presidenteak Azovstal altzairutegiko erasoaldia bertan behera uztea agindu du ostegun honetan, Ukrainako Mariupol hirian (hego-ekialdea) geratzen den erresistentzia-gune bakanetako bat baita.

"Industrialdean sartzeko agindua desegokia iruditzen zait, eta bertan behera uzteko agintzen dut", adierazi du Sergei Shoigu Errusiako Defentsa ministroarekin egindako bileran, "soldadu eta ofizialen bizitza eta osasuna salbatzea" beharrezkoa dela argudiatu aurretik, Interfax albiste-agentzia errusiarrak jakitera eman duenez.

Hala, adierazi duenez, "ez dago katakonba horietan sartu eta industria-instalazioetan lur azpitik joateko beharrik", eta Ukrainako indarrei "armak entregatzeko" eskatu die.

"Errusiak bere bizitza eta tratamendu duina bermatzen ditu, nazioarteko legeen ildotik", azpimarratu du, zonaldea blokeatuta egongo dela azpimarratu aurretik, indar horiek bertatik ihes egin ez dezaten.

Bestalde, Ukrainako Gobernuak korridore humanitario bat irekitzea eskatu du Azovstaleko altzairuzko lantegitik, errusiarren setioa jasaten duten 1.000 zibilak eta 500 soldaduak ebakuatzeko.

Errusiak Luhansk eskualdearen % 80 kontrolatzen du

Sergii Haidai Luhansk eskualdeko gobernadoreak CNN Ameriketako Estatu Batuetako telebista-kateari adierazi dionez, Luhansk eskuadearen ia % 80 tropa errusiarren kontrolpean dago.

30 metroko hobi komuna Mariupoletik gertu

Vadym Boychenko Mariupoleko alkateak salatu duenez, 30 metroko hedadura duen hobi komun berri bat aurkitu dute, tropa errusiarrek zulatuta, hiritik 20 bat kilometrora, Manhush herritik gertu.

Interfax Ukraina agentziak telebistan egindako adierazpenetan, Boychenkok adierazi du "Mariupolen gertatutako krimen horiek guztiak, gerra krimenen eta genozidioen zantzuak dituztenak", hobi komunetan ezkutatzen ari direla tropa errusiarrak.

Esan du okupatzaileak "garbiketa" egiten ari direla hirian, Mariupolen egon diren funtzionario eta udal langileen artean.

"Norabait eramaten ari dira. Han galdekatzen dituzte, torturatzen dituzte, eta abar", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Errusia Vladímir Putin Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra