Mundua -
‘SlutWalk’ mugimendua
'Emagalduen martxak' sexu-jazarpena salatu du Jerusalemen
“Aski da! Bota errua bortxatzaileari!” edo “Nire gorputza nirea baino ez da” leloak oihukatuz, manifestariek Israeleko emakumeek pairatzen duten hipokresia soziala salatu dute.
Erredakzioa
Ehunka emakume israeldar, eta baita zenbait gizon ere, soinean arropa gutxi zeramatela ibili dira gaur Jerusalemeko erdigunetik; janzteko askatasuna aldarrikatu eta emakumeen aurkako sexu-jazarpena arropa probokatzailea eramatearen ondorioz dela esanez justifikatzen dutenen kontra protesta egiteko.
Mundu mailan “SlutWalk” (“emagalduen martxa”) izena hartu duen mugimenduari jarraituz, parte-hartzaileak hiriaren erdiguneko kaleetatik ibili dira protestan. Manifestazioan, besteak beste, lelo hauek oihukatu dituzte: “Aski da! Bota errua bortxatzaileari!”, “Nire gorputza nirea baino ez da” eta “Ezetz ezetz da; ezetzaren zein zati ez duzu ulertu?”.
“SlutWalk” mugimendua iazko apirilean sortu zen Kanadan, Torontoko polizia batek, “kalteak ez jasateko”, emakumeek “emagalduak bezala janztea saihestu” behar zutela esan zuenean.
“Mendebaldeko herrialdeekin alderatuta, Israel ez da oso ezberdina gizartearen hipokresiari eta emakumeen burua kontrolatzeko moduari dagokienez”, esan du manifestazioaren buruan joan den 22 urteko ikasle eta gizarte-langile batek.