Mundua -
AEB-ak
CIAk Al Kaidaren atentatu suizida bat galarazi du
Al Kaidak hegazkin bat leherrarazi nahi zuen, baina inteligentzia zerbitzuek bonba atzeman dute.
Erredakzioa
AEBetako inteligentzia zerbitzuek (CIA) Al Kaidaren atentatu bat galarazi dute azken asteotan, Etxe Zuriak baieztatu duenez.
Hain zuzen ere, sare terroristak bidaiari hegazkin baten aurka atentatu suizida egiteko asmoa zuen, baina CIAk lehergailua atzeman du.
Caitlin Hayden Segurtasun Nazionaleko Kontseiluko (NSC) bozeramailearen esanetan, "ez da arriskurik izan herritzarrentzat".
Al Kaidaren plana 2009an Umar Farouk Abdulmutallab gazte nigeriarra egiten saiatu zenaren antzekoa ei zen. Orduan, gazteak lehergailu bat ezkutatu zuen arropetan, eta Amsterdam-Detroit bidea egiten zuen hegazkin bat leherrarazten saiatu zen.
AEBetako agintariek ez dute datu gehiago zehaztu Al Kaidaren planaz, eta ez dute baieztatu norbait atxilotu duten eta non atzeman duten lehergailua.
FBIk azaldu duenez, lehergailua "atzerriko aliatuei" esker atzeman dute, baina ez du argitu nondik igorri zuten.
AEBetako hedabideen arabera, Al Kaidak Osama Bin Ladenen heriotzaren urteurrena dela eta egin nahi zuen atentatua. Sare terroristako burua zena iazko maiatzaren 1ean hil zuten AEBek, Pakistanen egindako operazio militar batean.