Mundua -
Al Jazirako berriemailea
Atzerriko berriemaile bat bota du Txinak, 14 urtetan lehen aldiz
Txinak ez du azaldu zein agindu urratu duen kazetariak, baina hauen betebeharra herrialdeko legediekin bat egitea dela berretsi du.
Erredakzioa
Melissa Chan Al Jazira Qatarreko satelite bidezko telebistako ingelesezko sekzioaren burua bota du Txinak herrialdetik. Azken 14 urtetan hartutako lehen kanporatzea da eta atzerriko komunikabideekiko jarrera zorrozten ari direla nabarmendu du erabakiak.
Kateak berak azaldu duenez, Txinako agintariek lan baimena berritzea ukatu diote. 2007tik zegoen herrialdean kazetaria eta era honetan, ingelesezko korrespontsalia bertan behera utzi behar izan dute.
Kanporatzeko arrazoia joan den urrian argitaratu zen dokumental polemiko batekin lotuta dagoela esan du Nazioarteko Korrespontsalen Elkarteak; agintariek baieztatu ez duten hipotesia.
Dokumentalak Txinako "berreziketarako esparruan" jartzen zuen arreta, disidente politikoak eta erlijiosoak gehienak. Gainera, Falun Gongen jarraitzaile bati elkarrizketa egiten zitzaion, gai korapilatsua Pekinek 1999tik mugimendu hori legez kanpo utzi zuenetik.
Chanek ez zuen dokumental horretan parte hartu, horregatik, kazetari guztiei ohartarazteko aitzakia baino ez dela izan esan dute lankideek.
Albistea jakin eta gero Hong Lei Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaileak ez du argitu zehazki zein arau urratu duen Chanek, eta kazetariek herrialdeko arauekin bat egin behar dutela badakitela berretsi du. "Zehazki, komunikabide horrek, badaki zein arau urratu duen", adierazi du.
1998tik kazetari bat herrialdetik bota den lehen aldia izan da. Orduan, Pekinek Yukihisa Nakatsu japoniarra eta Juergen Kremb alemaniarra bota zituen, Estatuko sekretuak zekizkitela argudiatuta.
Mugarik Gabeko Erreportarien elkartearen prentsa askatasun txostenaren arabera, 179 herrialdeetatik, Txina 173. postuan dago eta eskubide hori urratzen duen erregimentzat dute.