Mundua -

AEB

Abortuaren balizko baliogabetzearen aurrean erantzungo duela ohartarazi dio Bidenek Gorenari

Auzitegi Gorenak abortu eskubidea baliogabetuko balu, gehiengo kontserbadoreko 21 estatuk guztiz debekatzeko aukera izango lukete.

Protestak AEBn.
Protestak AEBn.
Protestak AEBn abortatzeko eskubidea murrizteko Auzitegi Gorenaren asmoaren aurka

0:35

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak ohartarazi duenez, herrialdean abortua defendatzeko "erantzun" bat prestatzen ari da, Auzitegi Gorenak eskubidea babesten duen araudia atzera botatzeko arriskuaren aurrean.

"Erabakiak aurrera egiten baldin badu, oso erradikala izango litzateke", kritikatu du agintariak, Alabamara eraman behar zuen hegazkina hartu baino lehen.

Gorenak abortu eskubidearen babesa baliogabetu behar duela filtratu da AEBn. "Roe versus Wade" araudia 1973tik dago indarrean. "AEBko jurisprudentzian erabateko norabide aldaketa" izango litzatekeela uste du Bidenek.

Zirriborroa benetakoa da

John Roberts Auzitegi Goreneko presidenteak astearte honetan baieztatu duenez, zirriborroa benetakoa da, baina azken erabakia ez dela nabarmendu du.

Filtrazioaren inguruko ikerketa bat martxan jartzeko agindua eman du Robertsek. Filtrazioak, "traizioak", Gorenaren lana "zalantzan jarri" nahi duela salatu du. Hala ere, Auzitegiaren lanari, "inola ere", eragingo ez diola ziurtatu du ohar batean.

Estatua pertsonen bizitzako esparru pribatuetan sartu behar ez dela uste du Bidenek. "Ez nago hori publikoaren apetaren menpe uzteko prest", adierazi du agintariak.

Lehentxeago, ohar batean, abortua "oinarrizko" eskubidea dela aldarrikatu du buruzagiak, eta "edozein ebazpenen aurrean" Gobernua "prest" egongo dela agindu du.

Abortu eskubidea murrizteko estatu errepublikanoen saiakeren aurrean, Bidenek Etxe Zuriko abokatuei "Administrazioaren erantzuna" prestatzeko agindua eman die. "Abortuaren aurkako eraso etengabea", salatu du.

Baliogabetzeak 21 estaturi abortua debekatzeko abagunea eman diezaieke

Auzitegi Gorenak abortu eskubidea baliogabetuko balu, gehiengo kontserbadoreko 21 estatuk guztiz debekatzeko aukera izango lukete, Planned Parenthood irabazi-asmorik gabeko elkartearen arabera.

"Roe v. Wade" epaiak emakumeen aborturako eskubidea babesten du, estatuak praktika debekatzeko aukerarik gabe utziz.

Sententzia baino lehen, 1973an, 30 estatuk haurdunaldiaren edozein fasetan abortua debekatzeko legeak zituzten.

Planned Parenthooden ustez, "Roe v. Wade" baliogabetzen badute, 21 estatuk abortua berriro erabat debekatuko lukete, besteak beste, Texas, Arizona, Missouri, Georgia, Ohio, Indiana edo Wisconsinek.

Hau da, 1973ko epaiaren balizko atzera botatzeak ez luke abortua herrialde osoan debekatuko, baina eskubidea babesik gabe geratuko litzateke, eta estatu kontserbadoreenek debekatzeko aukera izango lukete.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Abortua Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa Giza eskubideak Joe Biden