Mundua -
AMERIKETAKO ESTATU BATUAK
AEBk atzerriko erakunde terroristen zerrendatik aterako du ETA
ETA 1997an sartu zuten zerrenda horretan eta geroztik ehunka euskal herritarrek debekatuta izan dute Ameriketako Estatu Batuetan sartzea.
EITB MEDIA
AEBk atzerriko erakunde terroristen zerrendatik aterako du ETA, erakundea deseginda dagoela argudiatuta. Datozen egunetan argitaratuko da Ameriketako Estatu Batuetako erregistro ofizialean, eta orduan sartuko da indarrean.
ETA 1997an sartu zuten zerrenda horretan eta geroztik ehunka euskal herritarrek debekatuta izan dute Ameriketako Estatu Batuetan sartzea. Halaber, herrialde horretan dituzten aktiboak izoztuta izan dituzte.
2003. urtean Bushen eta Aznarren arteko akordio baten ondotik, Batasuna, Euskal Herritarrok eta Herri Batasuna ere gehitu zituzten zerrenda horretara, ETAren parte zirela argudiatuta. Gerora, Jarrai-Haika-Segi, Kas eta Xaki ere sartu zituzten.
AEBko Estatu Departamentuak bost urtean behin berritze du atzerriko talde terroristen zerrenda. ETArekin batera beste hauek ere aterako dituzte zerrendatik: Japoniako Aum Shinrikyo taldea, Kahane Chai talde judutarra, eta Israelen, Palestinan eta Egipton aritutako beste bi talde islamista: Mujahedin Shura Kontseilua eta Al-Gama'a al-Islamiyya.