Mundua -
Tiroketa AEBn
Texasko Poliziak onartu du akatsa izan zela tiroketaren gelara lehenago ez sartzea
Tiroketan hildako 21 pertsonak ikasgela berean zeuden; bertan zeuden agenteek uste zuten jada ez zela inor bizirik gelditzen, erasotzailea izan ezik, baina, bertara sartzea lortu zutenean, bizirik zeuden haurrak aurkitu zituzten.
Agentziak | EITB MEDIA
Texasko Poliziak (AEB) onartu du akatsa izan zela joan den asteartean 19 ikasle eta bi maistra hil zituen erasotzailea zegoen gelara lehenago eta indarrez ez sartzea.
Hala adierazi du prentsaurrekoan Steven McCraw Texasko Segurtasun Publikoko Departamentuko zuzendariak, eta onartu du atea ez botatzea eta bedela giltzarekin iritsi arte itxarotea "erabaki okerra" izan zela. Gainera, une horretan ikastetxean zegoen polizia-arduradun nagusiari egotzi dio errua.
McCrawren arabera, ikasgelan tiro ugari entzun ondoren, eta horiek agenteak sartzen saiatzen ari zirenean bakarrik sarrerako atera bideratuta zeudela ikusi ondoren, polizien arduradun horrek interpretatu zuen ez zela inor bizirik geratzen barruan, erasotzailea izan ezik.
Iritzi horren ondorioz, "erasotzaile aktiboaren" protokoloa aldatu eta "gotortutako susmagarriaren" protokoloa ezartzea erabaki zuen. Hori dela eta, atea bota eta indarrez sartu ordez, agenteak erasotzailearen tiroen arriskupean jarri beharrean, giltza eta errefortzuak ekipamendu egokiarekin iritsi arte itxarotea erabaki zuen.
"(Poliziaburuak) denbora zegoela pentsatu zuen, eta ez zegoela umerik gehiago arriskuan. Jakina, bazeuden, eta erasotzaileak aktibo jarraitzen zuen. Erabaki okerra izan zen, eta ez dago aitzakiarik ", aitortu du McCrawk.
Tiroketan hildako 21 pertsonak ikasgela berean zeuden, baina Poliziak azkenean sartzea lortu zuenean, bertan ere bizirik zeuden haurrak aurkitu zituen. Ikasle batzuek gela barrutik ere deitu zuten Polizia.
Polizia errefortzuen zain egon zen orduan, eta ez zen saiatu ikasgelara indarrez sartzen; 19 agente zeuden ikastetxean.
Ikasgelan sartu ondoren, Salvador Ramosek, erasotzaileak, atea barrutik itxi zuen eta bereizi gabe egin zien tiro ikasleei eta irakasleei.
Poliziaren jardunari kritika ugari egin dizkiote familiek eta publiko orokorrak sare sozialetan eta komunikabideetan, uste baitute segurtasun indarrek azkarrago jarduteko aukera izan zutela.