Mundua -
Hauteskundeak Grezian
Ekainaren 17an errepikatuko dituzte hauteskundeak Grezian
Joan den maiatzaren 6an egin zituzten hauteskundeak, baina ordutik hona Gobernu berria osatzeko saiakera guztiek huts egin dute.
Erredakzioa
Grezian hauteskundeak errepikatzeko erabaki hartu zuten atzo eta gaur data iragarri dute: ekainaren 17an izango dira, AMNA albiste-agentziaren arabera.
Bitartean, Panayotis Pikrammenos Estatu Kontseiluko presidentea izango da Greziako jarduneko lehen ministroa. Pikrammenosen izendatzea Greziako Presidentziako iturriek baieztatu dute; hauteskunde-egunaren data, berriz, ez dute baieztatu nahi izan, erabaki hori bihar osatuko den Parlamentuak iragarri behar duelako.
Pikrammenos jarduneko lehen ministro izatea indar politiko guztien artean erabaki dute gaur. Bilera horretan neonaziek ez dute parte hartu, batzarrean egoteari uko egin diotelako.
Behin-behineko Gobernuak ezingo du Europar Batasunari edo NATOri lotutako erabaki garrantzitsurik hartu. Aldi baterako exekutiboko ministroak Greziako presidenteak aukeratuko ditu.