Itxi

Mundua

HAUTESKUNDEAK

Macronek Asanblea Nazionalean duen gehiengo osoa gal dezake igandeko hauteskundeetan

EITB MEDIA

Frantziako Asanblea Nazionalak 577 eserleku ditu eta, beraz, gehiengo osoa izateko 289 behar dira. Inkesten arabera, Ensemble aliantzak 255 eta 295 artean lortuko ditu. Nupes ezkerreko koalizioari goranzko joera aurreikusten diote.

  • Ensemble eta Nupes koalizioetako hautagaiak

    Ensemble eta Nupes koalizioetako hautagaiak. Argazkia: EFE

Asanblea Nazionalerako hauteskundeen bigarren itzulia egingo da igande honetan Frantzian. Lehen itzulian, berdinketa teknikoa egon zen Emmanuel Macron presidentearen Ensemble aliantzaren eta Jean-Luc Melenchon buru duen Nupes ezkerreko koalizioaren artean.

Inkesten arabera, Ensemblek irabaziko ditu hauteskundeak, baina gaur-gaurkoz Emmanuel Macron presidentearen alderdiak Frantziako Parlamentuan duen gehiengo osoa gal dezake. Guztira, 577 eserleku ditu eta, beraz, gehiengo osoa izateko 289 behar dira. Azken inkestek 255 eta 295 artean aurreikusten dizkiote.

Nupes ezkerreko koalizioari ere goranzko joera aurreikusten diote. Itxuraz, 150 eta 210 ordezkari artean lor ditzake, oposizioko lehen indarra bihurtuz.

Orain arte bigarrena den Errepublikanoak alderdiak behera egin eta bere ordezkaritzaren ia erdia gal dezake. Gaur egun, 112 ditu eta inkestek 50 eta 80 inguruan ematen dizkiote.

Marine Le Penen eskuin muturrak 10 eta 45 eserleku bereganatu ditzake. Gaur egun, 8 ditu. 

Frantziako hauteskunde legislatiboetarako kanpaina gaur amaituko da. Gainera, gaur argitaratuko dira azken inkestak ere. Orain arte, guztiek aurreikusi dute bloke makronista alde handiarekin nagusituko dela. Hala ere, ez dago oso argi gehiengo osoari eutsiko ote dion.

Lehen itzulian, Macron presidentearen aldeko blokea eta koalizio ezkertiarra pare-parean gelditu ziren. Emaitza ofizialen arabera, Macron presidentearen aldeko blokeak botoen % 25,75 eskuratu zuen, eta Nupes koalizio ezkertiarrak, aldiz, % 25,6. Hain zuzen ere, 21.442 botoren aldea egon zen bi koalizioen artean.

Frantzia 577 barrutitan banatuta dago eta bakoitzean ordezkari bat aukeratuko da. Jokoan dauden eserleku horietatik hiru Ipar Euskal Herriari dagozkio (4. 5. eta 6. barrutiak), nahiz eta laugarrena Biarnorekin partekatzen duen. Laugarren hautesbarrutiak barnealdea eta Bearnoko zati bat hartzen ditu, bosgarrenak, Baiona, Angelu bare hartzen ditu, Bidaxunerria, Amikuze eta Oztibarre kantonamenduraino, eta seigarrenak, Lapurdi kostaldea hartzen du Itsasuraino.

 

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena