Mundua -
NATO-REN GOI-BILERA
Putinek salatu du NATOk Gerra Hotzaren garaian ainguratuta jarraitzen duela
Vladimir Putinen hitzetan, NATO "beste garai bateko erakunde militarra" da, eta Ameriketako Estatu Batuen aldeko erabakiak soilik hartzen ditu.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Vladimir Putinek salatu du NATOk "Gerra Hotzaren garaian" ainguratuta segitzen duela, eta azpimarratu du Errusiak ez duela Ukrainako gerra amaitutzat emango bere helburuak lortu arte.
"NATO beste garai batekoa da, Gerra Hotzaren garaikoa. Aspaldi esan ziguten aldatu egin zela, orain erakunde politikoa dela, baina herrialde guztiak aritu dira bilatzen erakunde militar gisa nola indartu", adierazi du NATOren Madrileko goi-bileran jaso dituen kritikei erantzunez.
Halaber, esan du Mendebaldeak bultzatzen duen mundua polobakarra dela eta nazioarteko sistema arriskuan jartzen duela. Hortaz, Gobernu errusiarrak agindu du Nazio Batuen Erakundearekin, G20arekin eta Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrika biltzen dituen taldearekin elkarlanean jarraituko duela.
Gainera, Putin prest agertu da Mendebaldeko herrialdeekin armen kontrolaz, suntsipen handiko armen erabileraz nahiz energiaren eta elikagaien merkatuen egonkortasunaz hitz egiteko.
NATOk Errusia segurtasunaren aurkako mehatxu handiena izendatu duela eta, Putinek esan du AEBak "obsesionatuta" daudela "etsaia beti kanpoan bilatzearekin".
Horrez gain, Jens Stoltenbergek NATOren idazkari nagusiak goi-bileran adierazi zuen Aliantza Atlantiarra 2014tik ari dela prestatzen Errusiarekin balizko konfrontazio bat izateko. "2014tik ari dira gure kontrako ekintzak prestatzen. Hori ez da berria, baina gure interes propioak defendatzeko erabakia zergatik hartu dugun erakusten du", azaldu du.
Bestalde, Putinek kritikatu du Mendebaldeak dena kontrolatu nahi duela eta munduan zeukan nagusitasuna galdu duela onartzen ez duela.
"Arauetan oinarritutako balizko ordenaren aitzakiarekin, prozesu globalak euren interesen arabera bideratu eta kontrolatu nahi dituzte. Horretarako, bloke eta koalizio itxiak eratzen dituzte, eta hartzen dituzten erabaki guztiak Estatu Batuen aldekoak izaten dira", laburbildu du.