Mundua -
japonia
Japoniak Shinzo Abe beilatu du, haren hilketaren arrazoiak ikertzen dituzten bitartean
Tokion zuen egoitzara eraman dituzte Japoniako lehen ministro ohiaren gorpuzkiak, eta hedabide, senide zein herritar ugari bildu dira bertan. Bitartean, hilketa izandako Nara hirian aldarea ipini dute.
agentziak | eitb media
Hurbilekoek eta gainerako herritarrek Shinzo Abe Japoniako lehen ministro ohiaren heriotza beilatu dute larunbat honetan. Tokion zuen egoitzara eraman dituzte horren gorpuzkiak. Bitartean, aurrera darrai militar ohi batek egindako hilketaren arrazoiak argitzeko ikerketak.
Aberen gorpua zeraman autoa 13:30ak aldera iritsi da Tokioko Shibuya barrutiko bizilekura, mendebaldeko Nara hiriko ospitaletik atera eta zazpi eta erdi ordu beranduago. Bertan egin dizkiote autopsia eta gainerako izapideak.
60 urteko Akie, Aberen alarguna, zihoan autoan. Bertaraino joan zen ostiraleko gertakariaren ostean; Aberi bizkarrean tiro egin zioten orduan, igande honetan izatekoak diren hauteskunde parlamentario partzialen kanpainan zehar hitzaldi bat ematen ari zela.
Jaurtigaietako batek agintari ohiaren arteria bati eragin zion eta, medikuen arabera, odolustuta hil zen, 67 urte zituela.
Hedabide eta pertsona andana bildu dira bikoteak hiriburuan zuen ohiko etxebizitzaren aurrean. Bere alderdiko, Alderdi Liberal Demokratikoko, zenbait kide ere bertaratu dira.
Narako Yamato-Saidaiji geltokian, Abe tirokatu zutenean mitina ematen ari zen tokian, aldare bat ipini dute gaur. Lagun ugari bertaratu dira errespetua adieraztera, loreak eskaintzera eta otoitz egitera, bezperan ere atentatuaren tokian bertan kandelak eta eskaingaiak ipini eta gero.
Magnizidioaren ustezko arduraduna unean langabezian dagoen 41 urteko militar ohi bat litzateke, Tetsuya Yamagami izenekoa. Tokian atxilotu zuten, urduritasuna oraindik nagusi zenean. Etxean egindako suzko arma batekin tiro egin zuen birritan, bertan zirenen eta segurtasun dispositiboaren nahasmena eraginda. Azken horien jarduketa berrikusten ari dira orain.
Orain arte, atxilotuaren adierazpenak nahasgarriak izan dira eta poliziak ikertzen jarraitzen du. Dirudienez, Yamagamik ukatu egin zuen krimenak zergati politikotik zuenik, baina Aberi gorrotoa ziola esan zuen, bere amari kalte ekonomiko handiak eragin zizkion erakunde erlijioso batekiko ustezko lotura dela eta.