Mundua -

AEB

John Bolton Trumpen aholkulari ohiak estatu-kolpeak planifikatzen "lagundu" zuela onartu du

Tartean, 2019an Nicolas Maduro Venezuelako presidentearen aurka egindako saiakera aipatu du AEBko Segurtasun Nazionaleko aholkulari ohiak. Hala ere, Washingtonek "zerikusi handirik izan ez" zuela erantsi du.

John Bolton AEBko Segurtasun Nazionaleko aholkulari ohia. Artxiboko argazkia: EFE
John Bolton AEBko Segurtasun Nazionaleko aholkulari ohia. Artxiboko argazkia: EFE
John Bolton AEBko Segurtasun Nazionaleko aholkulari ohia. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzerriko herrialdeetan estatu-kolpeak planifikatzen "lagundu" zuela aitortu du John Bolton AEBko Segurtasun Nazionaleko aholkulari ohiak CNN telebistan. Bestalde, 2021eko urtarrilaren 6an, Kapitolioaren aurkako erasoa estatu-kolpea izan zenik ukatu du.

"Estatu-kolpeak planifikatzen lagundu duen pertsona bezala, ez hemen, baina bai beste herrialde batzuetan, lan handia egin behar da, eta Trumpek ez zuen halakorik egin, ideia batetik bestera pasatu zen, azkenean Kapitolioko istiluetako arduradunak xaxatu zituen arte", adierazi du, Jake Tapper kazetariaren galderei erantzunez.

Saiakera Venezuelan, 2019an

Horrela, 2019an Nicolas Maduro Venezuelako presidentearen aurka egindako saiakera aipatu du AEBko Segurtasun Nazionaleko aholkulari ohiak. Hala ere, Ameriketako Estatu Batuek "zerikusi handirik izan ez" zutela erantsi du.

"Venezuelaren inguruan idatzi nuen nire liburuan, baina estatu-kolpeak ez zuen arrakastarik izan. Zilegitasunik ez duen Gobernua oposizioak boteretik kentzeko beharrezkoa dena ikusi nuen", azaldu du.

Kapitolioaren kontrako erasoa

"Trump Venezuelako oposizioa baino trebeagoa dela ustea barregarria da", argudiatu du. Presidente ohiaren "arazoa ulertu beharra dago", esan du.

"Stars Warsi erreferentzia eginez, indarraren perturbazio bat da, baina ez gure demokraziaren aurkako erasoa. Trump Trumpez kezkatzen da, bizitzan behin gertatzen den gauza", gaineratu du.

Boltonen hitzetan, Trumpek "ez zuen Konstituzioa suntsitu, denbora irabazteko". Kapitolioaren aurkako erasoa "kontu handiz prestatutako estatu-kolpea izan" zela esatea "hanka-sartzea" da, nabarmendu du.

"Ez da Trumpen jokatzeko modua. Ideia batetik beste batera salto egiten du, egitasmo batek kale egiten badu, beste bat sortzen da", esan du.

"Ez du inor entzuten, baina 2020ko azaroko hauteskundeen ostean Trumpek egin zuen oro, hauteskunde iruzurraren gezurraren inguruan, defendaezina dela ulertzea garrantzitsua da", nabarmendu du Boltonek.

Boltonek kargu ugari izan ditu Ronald Reagan, George H.W. Bush, George W. Bush eta Trumpen administrazioetan; gainera, 2005etik 2006ra AEBko ordezkari iraunkorra izan zen Nazio Batuen Erakundean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Donald Trump Nicolás Maduro Eskuin muturreko mugimenduak