Mundua -
Ameriketako Estatu Batuak
AEBko Erreserba Federalak 0,75 puntu igo ditu interes-tasak
Joan den martxoaz geroztik, laugarren igoera da, eta Erreserba Federalak ohartarazi du ez dela azkena izango. Inflazioa % 9koa da AEBetan, azken 40 urteotan eman den zifrarik altuena.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ameriketako Estatu Batuetako Erreserba Federalak asteazken honetan iragarri du interes-tasak 0,75 puntu igoko dituela prezioaren etengabeko gorakada gelditzeko. Bi hilabetetan burutzen duen bigarren igoera da, eta laugarrena, joan den martxotik.
Gauzak horrela, munduko ekonomia handienaren interes-tasa ofiziala % 2,25 eta % 2,50 artean egongo da.
Erreserba Federalaren Gobernuak bi eguneko bilera egin du erabakia hartzeko, eta ohartarazi du etorkizunean igoera gehiago izango direla.
1994an egin zuen azkenekoz 0,75 puntuko igoera, Alan Greenspanen agintaritzapean. Orduan inflazioa % 2,7koa zen eta egun % 9,1ekoa da. 40 urtetan ez da horrelako zifrarik ikusi AEBetan.