Mundua -

AEB eta Txina

Xik “suarekin ez jolasteko” ohartarazi dio Bideni honek Taiwanen statu quo-a nabarmendu ostean

AEBko eta Txinako presidenteek bi ordu baino gehiagoko telefono-deia izan zuten ostegun honetan, joan den martxotik lehena, eta, horretan, Xik Taiwani buruzko erreklamazioak berretsi zituen.

Txinako presidentea, Xi Jinping. Argazkia: EFE.
Txinako presidentea, Xi Jinping. Argazkia: EFE.
Txinako presidentea, Xi Jinping. Argazkia: EFE.

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joe Biden AEBko presidenteak Taiwango statu quo-a errespetatzen duela berretsi zuen ostegun honetan, Txina lasaitzeko asmoz. Xi Jinping presidenteak, berriz, Washingtoni ohartarazpen gogorra egin eta "suarekin ez jolasteko" eskatu zion.

Bidenek eta Xik bi ordu baino gehiagoko telefono-dei bat izan zuten, Etxe Zuriak "zuzena eta zintzoa" bezala deskribatu zuena, eta Txinako Atzerri Ministerioak "argia eta sakona" zela esan zuen.

Txinak bere lurraldearen zatitzat jotzen du Taiwan, eta halaxe berretsi zuen joan den martxoan. Ordutik, bi presidenteek ez dute elkarrekin hitz egin.

Ildo horretan, Xik "atzerriko edozein esku-hartze" errefusatu zuen, baina ez zuen aipatu AEBko Ordezkarien Ganberako presidente Nancy Pelosik Taiwanera egin dezakeen bidaia. Horrek ez du bidaia baieztatu oraindik, baina dagoeneko Txinak ohartarazi du irmo erantzungo diola mehatxutzat jotzen duen edozein bisitari.

"Suarekin jolasteak zu zeu sutan ateratzea eragingo du", abisatu du Kanpo Arazoetako Ministerioak bere komunikatuan.

Elkarrizketan, Xik Bideni eskatu zion men egin diezaiola Pekinek edozein herrialderekin dituen harremanen oinarri gisa inposatzen duen "Txina bakar baten" printzipioari. Printzipio horrek esan nahi du Washingtonek onartu behar duen Txinako Gobernu bakarra Pekinen egoitza duena dela, eta horrek Taiwanen asmo independentistetatik urruntzen du.

Etxe Zuriko goi funtzionario baten arabera, Bidenek berretsi egin zuen printzipio hori errespetatzen zuela, duela ia mende erdi Washingtonek Taipeirekin harreman diplomatikoak hautsi eta Pekinekin ezarri baitzituen. Trukean, AEBk 1979ko Taiwango Harreman Akta sinatu zuen, herrialdea uhartearen defentsarekin konprometitzen duena, baina ez du argi uzten txinatarren erasoetan AEBk esku hartuko lukeen.

"Anbiguotasun estrategikoko" politika hori, itxuraz, maiatzean hautsi zen, Bidenek ohartarazi zuenean AEBek esku har zezaketela Txinak Taiwan inbaditzen bazuen, nahiz eta gerora Etxe Zuriak argi utzi nahi izan zuen ez zela inolako aldaketarik izan uhartearekiko politikan.

Xirekin egindako deian, gertakari hartatik lehena, Biden saiatu zen Asiako erraldoiaren animoak lasaitzen eta Washingtonek statu quo-ari zion errespetua berresten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Txina Eguneko albisteak Albisteak Joe Biden 2022ko Taiwani buruzko albisteak