Mundua -
Ezusteko bidaia
Afganistandik atzera egitea aliatuekin koordinatuko du Hollandek
Presidente frantsesak ezusteko bidaia egin du Afganistanera eta bertan Frantziako tropekin eta Hamid Karzai presidentearekin bildu da.
Erredakzioa
Frantziako tropak 2012a amaitu baino lehen aterako dira Afganistanetik eta irteera hori Afganistaneko agintariekin eta NATOkoekin "ados jarrita" egingo dutela esan du François Hollande Frantziako presidenteak Afganistanera egindako ezusteko bisitan. Presidente sozialistak, gainera, Frantziak Afganistanen "betiere" presentzia izango duela adierazi du.
Kabuleko enbaxadan emandako prentsaurrekoan, Hollandek azpimarratu egin du "afganiarren subiranotasunaren ordua" iritsi dela, eta Frantziako Armadaren irteera "borrokan dauden indarrei" dagokiela esan du, Frantzia beti izango baita Afganistanen.
Frantziako soldaduen egitekoa "Afganistaneko Armada prestatzea izango da, eta ospitalean eta aireportuan izango dira". Horrez gain, Poliziari "gero eta eraginkorragoa" izaten lagunduko dio.
"Transizio" garaia delakoa amaitutakoan ez da "inolako ekintza militarrik izango", baina hezkuntza, kultura, arkeologia, osasuna eta formakuntza bezalako arloetan egungoa baino "elkarlan handiagoa" izango dela azpimarratu du.
Halaber, "geure enpresak baldintza seguruetan ekartzea da helburuetako bat" esan du Hollandek, eta Frantzia eta Afganistanen arteko harreman berezia nabarmendu du.
Frantziako presidenteak segurtasun arrazoiak direla eta bidaiatu du ezustean herrialdera. Nijrabeko base militarrean izan da militarrekin eta Kabulen Hamid Karzai Afganistango presidentearekin blidu da.