Mundua -

Txina

Animalia jatorriko birus berri baten kutsatzeak antzeman dituzte Txinan, 35 gizakirengan

Bat ere ez da larria. Shandong eta Henan probintzietan detektatu dituzte, txinatar egunkari batek jakitera eman duenez; ospe handiko mediku-aldizkari bat aipatu du egunkari horrek.

Adingabe bat Pekinen, Txinako hiriburuan, musukoa aldean. Argazkia: EFE.
Adingabe bat Pekinen, Txinako hiriburuan, musukoa aldean
Adingabe bat Pekinen, Txinako hiriburuan, musukoa aldean. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ikerketa zientifiko batek ezagutzera eman duenez, Txinako bi probintziatan animalia jatorriko birus berri baten kutsatzeak antzeman dituzte 35 gizakirengan, hain zuzen ere Henipabirus motakoak. Hala argitaratu du Global Times egunkari ofizialistak, New England Journal of Medicine mediku-aldizkari ospetsua aipatuta; izan ere, Txinako eta Singapurreko zientzialari batzuek artikulu bat argitaratu dute azken aldizkari horretan. Kasuak Shandong eta Henan probintzietan detektatu dituzte, eta bat ere ez da larria.

Animaliekin berriki kontaktua izandako gaixoei hartu dizkiete laginak eztarrian, eta horrela antzeman dute birusa. Oraingoz ez du txertorik edo tratamendurik, eta honako sintoma hauek dakartza: sukarra, nekea, eztula, janguraren galera, buruko mina, giharretako mina eta goragalea.

Egunkariak argitaratu duena kontuan izanik, gerora egindako ikerketek ezagutzera eman dute Henipabirus horrek kutsatutako 35 pazienteetako 26k garatu egin dituztela sintoma horiek, baita suminkortasuna eta gorakoak ere.

The Paper estatu mailako albiste-atariaren arabera, Henipabirusa da zoonosi izeneko prozesuaren arrazoi nagusietako bat; zoonosia da gaixotasunak animalietatik gizakiengana igarotzeko prozesua. Hedabide horrek dioenez, frutako saguzarra da birusa zabaltzeko bektoreetako bat; animalia horiek ezagutzen diren bi Henipabirusetako ostalariak dira, hain zuzen ere Hendra (HeV) eta Nipah (NiV) birusetakoak.

Munduko Osasun Erakundeak adierazi duenez, Hendra birusaren infekzioak sintomarik gabekoak izan daitezke, baina baita arnasketa-infekzio zorrotzak eta entzefalitis larriak ere eragin ditzakete. Kasu larrietan, heriotza-tasa % 40-75ekoa da, "baina aldakorra da, tokian tokiko gaitasunen arabera, izan ere, ikerketa epidemiologikoa eta jarduera klinikoa hartu behar dira kontuan".

Oraingoz, Global Timesek dioenez, ez dago frogatuta pertsonen arteko kutsatzerik dagoenik, baina, aurretik egindako txosten batzuen arabera, ez dago hori baztertzerik ere: "Koronabirusa ez da pandemia bat sortuko duen azken gaixotasun kutsakorra izango; beste gaixotasun batzuek ere gero eta eragin handiagoa izango dute gizakien eguneroko bizitzan", adierazi du Huashan ospitaleko Patologia Infekziosoetako Departamentuko zuzendariordeak. Ospitale hori Shanghaiko Fudan Unibertsitateri lotuta dago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak 2024 Txina albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak