Itxi

Mundua

Talko hautsak

Johnson & Johnsonek talko hautsen salmenta eten egingo du mundu osoan

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Enpresaren esanetan, "erabaki komertziala" hartu dute talkoaren ordez arto-almidoia jartzeko haur-produktu horretan. Epe luzerako erabilera minbiziaren garapenarekin lotzen duten 38.000 demanda inguru jaso ditu farmazialariak.

  • Talko hautsen ontzi bat.

    Talko hautsen ontzi bat. Argazkia: EFE.

Johnson & Johnson farmazialariak iragarri du 2023an eten egingo duela mundu osoan haurtxoentzako talko hautsen salmenta, AEBn eta Kanadan produktuaren segurtasunari buruzko milaka salaketek bultzatuta egin eta bi urtera.

Ohar labur batean, enpresak esan du "erabaki komertziala" hartu duela talkoaren ordez arto-almidoia jartzeko haur-produktu horretan, 38.000 demanda inguru jaso ondoren, epe luzerako erabilera minbiziaren garapenarekin lotzen dutenak, nahiz eta arrazoi hori ukatzen jarraitu duen enpresak.

2018an, enpresak bazekiela talko-hautsek asbestoa zutela ziurtatzen zuten informazioak agertu ziren. Asbestoa amiantoaren antzeko konposizioko eta ezaugarrietako mineral bat da, eta osasunerako kaltegarriak diren ondorioak ditu.

Orduz geroztik, Johnson & Johnsonek milaka demandari egin behar izan die aurre, hautsek kontsumitzaileen obulutegiko minbizia garatzen lagundu izana leporatzen baitiote. Enpresak uko egin dio horri, eta urtero milioika dolar gastatu ditu auzietan.

Enpresak beste arazo judizial batzuei aurre egin behar die AEBn, eta urte honen hasieran milioika dolar ordaindu zien hainbat estaturi, beste sendagai-banatzaile handi batzuekin batera, opioideen krisian izandako erantzukizunagatik.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena