Mundua -
Hiru lurrikara
16 pertsona hil dira Italian, beste lurrikara sorta baten ondorioz
Emilia Romagna eskualdean jazo dira, hilaren 20an beste dardara batek 7 pertsona hil zituen leku berean. Goizeko 5,8 graduko lurrikararen ondoren, intentsitate txikiagoko beste bi astindu izan dira.
Erredakzioa
Gutxienez, 16 pertsona hil dira astearte honetan Italian, iparraldean izan diren hiru lurrikarren ondorioz. Gainera, 200 lagun zauritu dira, 7 daude desagertuta eta 8.000 lagunek etxetik alde egin behar izan dute, lurrika horien ondoren.
Goizean izan da lehena, Richter eskalan 5,8 gradukoa. Eguerdian, berriz, 5,3 graduko beste dardara bat egon da, eta, handik gutxira, 5,1 graduko hirugarren astindu bat; azken hori lurrazaletik 11 kilometrora. Guztiek izan dute epizentroa Modena probintzian, Emilia Romagna eskualdean. Azken bi lurrikarek ez dute hildakorik eragin, baina, horien ondorioz, beste eraikin batzuk amildu dira. Goizeko lehen lurrikaratik, etengabe aritu da lurra mugitzen eskualde horretan, 40 bat erreplika izan baitira bertan goiz osoan zehar.
Etxea utzi behar izan dutenetatik gehienak Modena eskualdekoak dira. Aurretik, hilaren 20an, lurrikara bat egon zen eskualde horretan, eta zazpi pertsona hil ziren bertan.
5,8 graduko dardara herrialde osoan nabaritu dute, baina herri kaltetuenak Medolla, Mirandola eta Finale Emilia dira. Horietan, zenbait eraikin erori dira, tartean hainbat industria-nabe. Hondakinetan, lau langile aurkitu dituzte, eta baita eraikinetako baten egoera aztertzen ari zen gizonezko bat ere. Behera erori diren nabe horietako batzuen hondakinetan miatzen jarraitzen dute suhiltzaileek, hondakinen artean beste inor ez dagoela egiaztatzeko.Concordia sulla Secchian agure bat hil da, erlaitz bat gainera erori ondoren, eta Finale Emilian eta Cabezzon beste bi lagun hil dira. Rovereto di Novi udalerriko apaiza ere hilik aurkitu dute.Maiatzaren 20ko lurrikarak hondatutako hainbat eraikin historikotan kalteak eragin ditu berriz gaurko lurrikarak.Mario Monti lehen ministroak nabarmendu du Estatuak "ahal beste eta ahalik eta azkarren" egingo duela "horren garrantzitsua eta emankorra den eskualdea normaltasunera itzultzeko". Tren zerbitzua eten egin dute hainbat lineatan, kalteak norainokoak diren jakin arte.