Mundua -

Wikileaks

Erresuma Batuak onartu egin du Julian Assange Suediara estraditatzea

Wikileakseko sortzailea hurrengo egunetan estraditatuko dute. Hainbat sexu-delitu egozten dizkiote.

Julian Assange Wikileakseko sortzailea. EFE
Julian Assange Wikileakseko sortzailea. EFE
Britainiar justiziak Assange estraditatzearen alde egin du

01:17

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak Julian Assange WikiLeakseko fundatzailea Suediara estraditatzea onartu du. Herrialde horretan, hain zuzen, hainbat sexu-delitu egin izana leporatzen diote, baina berak beti ukatu egin ditu.Aldeko bost boto eta kontrako bi jasota, Gorenak Assangeren helegitea baztertu du, Suediako agintariek igorritako euroaginduak legeak jasotakoa betetzen duela iritzita,

Hala ere, ebazpena bi aste barru sartuko da indarrean defentsak hala eskatuta, izan ere, auzia berriro irekitzea aztertzen ari da.

Assangek Gorenera jo zuen estradizioaren kontra, Suediak igorritako euroagindua ez zela baliozkoa argudiatuz, fiskal batek egin zuelako epaileak egin beharrean.

Gorenak, ordea, Europako legediaren interpretazioa egin du eta bertan euroagindua "agintari judizial batek" egin behar duela agertzen denez, Suediaren eskaria "legezkoa" dela ebatzi du.

Nicolas Phillips Gorenaren presidenteak aitortu du zailtasunak izan dituztela Europako legedia interpretatzeko garaian, baina azkenean zazpi epaileetatik bostek begi onez jo dute euroagindua, fiskala "agintari judiziala" dela iritzita.

WikiLeaksen fundatzailea 2010eko abenduaren 7an atxilotu zuten Londresen, Suediako agintariek igorritako estradizio agindu baten harira. Hiru sexu-eraso egitea eta bi emakume bortxatzea leporatzen diote Suedian.

Assangek helegitea jarri zuen 2011ko azaroan Auzitegi Gorenak Suediaren eskari onartu ostean. 'Hacker' ohiak uste du bere kontrako salaketak "arrazoi politikoak" dituela; abokatuek, berriz, estradizio eskaria ez dela baliozkoa uste dute.

Assange etxean dago preso, lagun baten luxuzko etxean dago Ingalaterra hegoaldean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea