Mundua
Bozak
Italiako hauteskundeen gakoak: 'Rosatellum' sistema eta hautagai nagusiak
Agentziak | EITB Media
Inkesten arabera, eskuineko blokea aurretik dago, eta Giorgia Meloni ultraeskuindarra boto-asmoan faboritoa da.


Igandean hauteskundeak dituzte Italian, Parlamentua osatzen duten bi ganberen osaketa erabakitzeko.
Eserleku kopuruaren murrizketa hitzorduaren gakoetako bat izango da. Dagoeneko 2018ko bozetan martxan jarri zuten hauteskunde sistema errepikatuko dute.
Zer dago jokoan?
2020ko irailean erreferendum batek Konstituzioaren erreforma babestu zuen, eta Diputatuen Ganberako eserlekuen kopurua 630etik 400era jaitsi zuten. Era berean, senatarien zenbakia 315etik 200era murriztu zen.
Konstituzioaren arabera, ganberak bost urterik behin berritu behar dira, baina praktikan legealdiaren amaiera teorikora iristea Gobernuko egonkortasunaren menpe dago. Azken hauteskundeak 2018an egin zituzten.
18 urtez gorako herritar guztiek boto eskubidea dute, nahiz eta 2021era arte Senatuko hauteskundeetarako langa 25 urteetan egon. Kongresurako hautagaitza aurkeztu ahal izateko, 25 urteko adina da muga. Aldiz, 40 urtez gorakoak soilik izan daitezke senatari.

Matteo Salvini, Silvio Berlusconi eta Giorgia Meloni eskuineko blokearen ekitaldi batean, hauteskunde kanpainan. Argazkia: EFE
Nola aukeratzen dira ordezkariak?
Esan bezala, hauteskunde sistema berria 2018ko bozetan estreinatu zuen Italiak. Eltore Rosato Alderdi Demokratikoko diputatuak proposatu zuen erreforma, eta haren omenez 'Rosatellum' izendatu zuten. Eserlekuak banatzeko sistema bikoitza ezarri zuen. Teorikoki, blokeak eta alderdi handienak nagusitzea errazten du.
Eserlekuen % 36 izen bakarreko hauteskunde-barrutien bidez banatzen dira, eta boto kopururik handiena lortzen duen hautagaiak erdiesten du jokoan dagoen ordezkari bakarra. Diputatuen Ganberako 147 eserleku formula honen bitartez banatzen dira, eta Senatuko beste 74.
Ordezkarien % 61 -245 diputatu eta 122 senatari- zerrenda sistema proportzional baten bidez aukeratzen dituzte, barruti bakoitzean 1-8 eserleku banatuz, biztanleriaren arabera.
Eserlekuen % 2 -zortzi Diputatuen Ganberan eta lau Senatuan- atzerrian bizi diren italiarrek hautatuko dituzte, alderdien zerrenda sistema proportzional baten bidez ere.
Azken banaketak gutxieneko batzuk kontutan ditu; horrela, bakarka aurkeztu eta estatu mailan botoen % 3 baino gutxiago lortzen dituzten alderdiek ez dute ordezkaririk eskuratuko. Senatuan, eskualde batean bozen % 20 bereganatuko beharko dira ordezkaritza lortzeko.
Koalizioen kasuan, ordea, langa botoen % 10ekoa izango da.

Enrico Letta zentro-ezkerreko blokearen ekitaldi batean. Argazkia: EFE

Luigi Di Maio (Impegno Civico), zentro-ezkerreko blokeko kidea ere. Argazkia: EFE
Nortzuk aurkeztuko dira?
Inkesten arabera, eskuineko blokea aurretik dago, eta Giorgia Meloni ultraeskuindarra boto-asmoan faboritoa da. Italiako Gobernua zuzenduko duen lehen emakumea izan nahi du Melonik, eta horretarako, Matteo Salviniren eta Silvio Berlusconiren babesa du.
Garaipena lortzeko aukerak dituen beste aliantza zentro-ezkerrekoa da, eta Enrico Lettaren Alderdi Demokratikoa du buruzagi. Lettak ezkerreko fronte zabala osatu nahi zuen, baina azkenean Europa Berdea, Italiako Ezkerra eta Luigi di Maiok sortutako Impegno Civico indarrekin konformatu behar izan du.
Giuseppe Conteren M5S eta Hirugarren Poloa osatzen duten Matteo Renzi eta Carlo Calenda bi blokeen arteko norgehiagoka nagusitik kanpo egongo dira, baina Gobernua osatzeko erabakigarriak izateko itxaropenarekin.

Matteo Renzi Hiurgarren Poloko hautagaia. Argazkia: EFE

Carlo Calenda Hirugarren Poloko hautagaia ere. Argazkia: EFE
Noiz osatuko da Gobernua?
Parlamentu berria urriaren 13an osatuko da. Nahiz eta alderdien arteko hartu-emanak lehenago hasi, Sergio Mattarella Italiako presidenteak ez du bilera sorta ordura arte abiatuko.
Izena proposatzeko askatasun osoa du Mattarellak. Italiako historia garaikidean argi geratu den bezala, ez du zertan boto kopururik handiena jaso duen alderdiko zerrendaburua izan behar, ezta Diputatuen Ganberako kidea ere. Akordio faltak kanpoko figura bat aukeratzera bultza dezake berriro.

Giuseppe Conte M5Sko buruzagia. Argazkia: EFE