Mundua -

Hauteskundeak

Ultraeskuinak irabazi ditu Italiako hauteskundeak

Botoen ia % 100 zenbatuta dagoela, Giorgia Melonik zuzentzen duen Italiako Anaiak (FdI) alderdiak botoen % 26,1 eskuratu ditu. Eskuineko koalizioak (FdI, Liga eta Forza Italia) gehiengo osoa lortu du bi ganberetan (% 44). Inoizko parte hartzerik txikiena (% 63,91) izan da bozetan.

Meloni, atzo. Argazkia: EFE
Meloni, atzo.
Pozik agertu da Giorgia Meloni garaipenarekin eta hau abiapuntu baino ez dela nabarmendu du

1:37

Agentziak| EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Giorgia Meloni FdI (Fratelli d'Italia) alderdiko buruzagia izango da, itxura guztien arabera, Italiako lehen ministro berria, bere alderdiak irabazi baititu hauteskundeak, lehen datuen arabera. 

Botoen ia % 100 zenbatuta dagoela —Senatuan zein Kongresuan—, FdIk babesaren % 26,1 eskuratu du; atzetik geratu da Enrico Letta Alderdi Demokratikoa, botoen % 19rekin, eta hirugarren postuan, Giuseppe Conteren Movimento 5 Stelle edo Bost Izarretako Mugimendua (bozen % 15,5).

Tarte handira geratu dira Matteo Salviniren Lega (% 8,9) eta Silvio Berlusconiren Forza Italia ( % 8,3). Boto galera handia izan dute biek ala biek, baina FdIrekin batera osatzen duten eskuineko blokeak gehiengo osoa du bi ganberetan: % 44. Zentro-ezkerrak % 26 du. 

Behin betiko datuak daudenean, koalizio kideekin bildu beharko da Meloni akordioa lortzeko. 

Adierazpen instituzional batean, alderdi ultraeskuindarraren buruzagiak azpimarratu du "mezu argia" jaso dutela "Italiako Anaiek zuzendutako zentro-eskuineko gobernu bat osatzeko". "Ez dugu zuen konfiantza hautsiko. Prest gaude Italia altxatzeko", erantsi du. 

Meloniren hitzetan, "nazio hau zuzentzeko deia badugu, denentzat egingo dugu, italiarrak batzeko". 

Koalizio kideen babesa izanda ere, Sergio Mattarella Errepublikako presidentearen bahea igaro beharko luke Melonik. Izan ere, presidenteak lehen ministroari betoa ezar liezaioke, kargurako egokia ez dela irizten badio. 

Partito Democrático eta Movimento 5 Stelle, oposiziora

Alderdi demokratikoak bigarren tokia eskuratu du. Enrico Letta buruzagiak ez du adierazpenik egin, eta espero da gaur eguerdian agertuko dela kazetarien aurrera. Dena dela, Alderdi Demokratikoak Kongresuan duen bozeramaileak porrota onartu du. 

Bost Izarren Mugimenduak (M5S, italieraz) Alderdi Demokratikoari egotzi dizkio emaitzak, ezkerreko koalizioak erakutsitako batasun falta argudiatuta. Contek iragarri duenez, oposizio progresista eta demokratikoa egingo du. Halaber, erdietsitako hirugarren postua ere nabarmendu du (inkestek desagertutzat jotzen zuten alderdia). 

Luigi Di Maioren (egungo jarduneko Atzerri ministroa) Impegno Civico (Konpromiso Zibikoa) alderdia Parlamentutik kanpo geratu da, botoen % 1 baino gutxiago eskuratuta. 

Parte hartze txikia

Melonirekin batera, abstentzioa izan da igandeko beste protagonista: inoizko handiena izan da. Boto emaileen % 63,91 joan dira bozkatzera; 2018arekin alderatuta, bederatzi puntu jaitsi da parte hartzea (% 73koa izan zen orduan). 

Europako ultraeskuinak Meloniren garaipena ospatu du. Zorion mezuak helarazi dizkiote, besteak beste, Mateusz Morawiecki Poloniako lehen ministroak, Jordan Bardella Frantziako Fronte Nazionalaren presidentegaiak, Viktor Orban Hungariako presidentearen aholkulariak, Eric Zemmour frantsesak, Beatrix von Storch AfD alderdi alemaniarreko presidenteordeak eta Santiago Abascal Voxeko buruzagiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak Italia Erroma Hauteskundeak Alderdi ultrakontserbadoreen azken ordukoa