Mundua -

Ameriketako Estatu Batuak

Legealdi Erdiko Hauteskundeak AEBn: Bidenen etorkizun politikoa, jokoan

Joe Biden presidentearen onarpen maila ez dago momenturik onenean. Hauteskundeak bereziki liskartsuak izango direla aurreikusten dute. Inkesten arabera, errepublikanoek irabaziko dute Ordezkarien Ganberan.

Joe Biden, kanpaina ekitaldi batean. Argazkia: EFE
Joe Biden, kanpaina ekitaldi batean.
Legealdi Erdiko Hauteskundeak AEBn: gako nagusiak

3:08

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatu Batuetako herritarrak bozkatzera deituta daude bihar, azaroaren 8an, Legealdi Erdiko Hauteskundeetan —midterm gisa ezagunak—. Bozketa garrantzitsuenak Kapitolioa izango du protagonista.

Hautetsontziek zehaztuko dute Ordezkarien Ganberaren eta Senatuaren datozen bi urteetako osaera. Ondorioz, jokoan egongo da Etxe Zuriak izango duen maniobretarako tartea.

Zer bozkatuko dute?

Ordezkarien Ganbera osorik berritzen da bi urtean behin. 435 eserlekuak estatu bakoitzeko biztanleriaren arabera banatzen dira. Beraz, Kaliforniak 52 biltzarkide ditu, eta Wyomingek, biztanle gutxien dituen lurraldeak, bakarra.

Gaur egun, demokratek kontrolatzen dute organo legegile hori, 220 eserlekurekin, errepublikanoek baino 8 gehiago. Horri esker, Bidenen alderdiak arazorik gabe onar dezake edozein proiektu, baita 2021eko urtarrilaren 6an Kapitolioari egindako erasoa ikertzeko ekimena ere.

Senatua, bere aldetik, herenez heren berritzen da. Estatu bakoitzak bi eserleku ditu, biztanleria edozein dela ere. Senatari bakoitzak sei urterako eserlekua lortzen du eta, oraingo hauteskundeetan, 34 estatutako 35 eserleku daude jokoan.

Goi Ganberaren eskumenen artean daude Estatu Batuetako presidenteak izendatutako kargu publikoak edo epaileak babestea, edo bertan behera uztea. Gaur egun, zatituta dago. Bi alderdi handiek 50na eserleku dituzte. Hala ere, teknikoki, demokraten kontrolpean dago, berdinketa hausteko botoa Kamala Harris Senatuko presidenteak ematen baitu.

Gako nagusiak

Gutxienez ganberetako bat kontrolatzea funtsezkoa da alderdientzat, agenda propioa sustatzeko eta kontrakoarena oztopatzeko aukera ematen baitu. Presidenteak, hala ere, badu tartea Kongresutik etorritako legeak aldarrikatu edo betatzeko.

Inkestek ez dute ezer ziurtzat jotzen, baina litekeena da errepublikanoek Ordezkarien Ganberan irabaztea. Hala balitz, Joe Bidenek eta bere aldekoek gaitasuna galduko lukete agendan dituzten neurrietako batzuk sustatzeko, adibidez, lege federal batekin abortatzeko eskubidea lege federal batekin ziurtatzea edo armen salmentan kontrol berriak sartzea.

Alderdi Errepublikanoak, gainera, azken hauteskundeetako joera iraultzea lortuko luke, hain zuzen ere, 2024ko presidentetzarako hauteskundeen aurretik. Gainera, AEBko hirugarren agintari nagusia (botere mailari begira) errepublikanoa izatea lortuko luke. Kevin McCarthy Ordezkarien Ganberan duten liderra da hautagai nagusia.

Senatuan, demokratek kontrola mantentzeko aukera gehiago dute, baina badirudi ez dela desoreka handirik egongo. Errepublikanoek ezustea emango balute eta Goi Ganbera ere kontrolatuko balute, Bidenen egonkortasun politikoa zailduko litzateke. Ondorioz, betoa erabiltzea eta bi urte barru zorte hobea itxarotea baino ez litzaioke geratuko.

Bi ganberetako bat ere bere kontrolpean ez badago, presidentea Kongresuaren bermearen mende ez dauden gaietan zentratzera behartuta egongo litzateke (kanpo politikako proposamenak, esaterako), baldin eta bere azken urteetan ondare garrantzitsuren bat utzi nahi badu, edo 2024ko hauteskundeetako kanpaina indartu nahi badu, berriz hautatua izateko aukerari begira.

Beste hauteskundeak

Hauteskunde legegileak alde batera utzita, 36 estatutan, gobernadorea ere aukeratuko dute. Inkesten arabera, alderdi demokratek Massachusetts eta Maryland berreskura ditzakete, eta errepublikanoek, Nevada, Wisconsin eta Oregon. Azken estatu horretan, hirugarren hautagai batek markatu du lasterketa.

Dozenaka hiritan, gainera, tokiko hauteskundeak izango dira. Horrez gain, estatu mailako ehun neurri baino gehiago bozkatuko dituzte. Hainbat estatutan, abortatzeko eskubidea murriztu dezaketen proposamenen inguruan bozkatuko dute, baita armei, jokoari edo marihuanari buruzko ekimenen gainean ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Joe Biden