Mundua -

AEB-ko hauteskundeak

Demokratak Senatuko lehian eusten ari dira, baina Ordezkarien Ganberaren kontrola galdu dute

Senatuan 48na eserlekutan dago indar banaketa, baina Kongresuan, 20 ordezkariko aldea atera diete kontserbadoreek progresistei. Ez da, ordea, "olatu gorririk" izango (errepublikanoen garaipen argia).

Bi jarraitzaile errepublikano, buru-makur, Nevadako kontaketa jarraitzen. Argazkia: EFE
Bi jarraitzaile errepublikano, buru-makur, Nevadako kontaketa jarraitzen.
Demokratek Senatuko kontrolari eusteko bidea zabaldu da Pennsylvanian

1:23

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Legealdi erdiko hauteskundeetako botoak zenbatzen ari dira AEBn, eta, lehen emaitzen arabera, errepublikanoek garaipena lortuko dute Ordezkarien Ganberan (Kongresua), baina Senatuan orekatuta dago demokraten eta errepublikanoen arteko lehia.

Alderdi Errepublikanoaren ordezkari ezagunek aitortu dutenez, behin-behineko emaitzek ez dituzte euren aurreikuspenak betetzen —"tsunami gorria" izango zela iragarri zuen Trumpek berak—. "Argi dago: ez da olatu errepublikanorik egongo azkenean", esan du Lindsey Graham senatari kontserbadoreak NBC telebista katean. Errepublikanoak gorri kolorearekin lotzen dira, eta demokratak, urdinarekin.

Errepublikanoak bi ganberetan garaile izango zirela zioten inkestek. Historia bera alde zuten kontserbadoreek, izan ere, normalean oposizioan dagoen alderdiak emaitza hobeak lortzen dituzte legealdi erdiko hauteskundeetan. Baliteke errepublikanoak gailentzea, baina ez da, inondik inora, garaipen zabala izango.

Hainbat herrialdetan, aurreratuta dute boto kontaketa. Lehen emaitza horien arabera, errepublikanoek 199 ordezkari eskuratu dituzte Ordezkarien Ganberan, eta demokratek, 178. Dena dela, biek ala biek urrun dituzte ganbera kontrolatzeko behar diren 218 eserlekuak (Kongresuko 435 aulkiak berritzen ziren bozetan).

Orain arte eskura dauden datuen arabera, kontserbadoreek 4 ordezkari kendu dizkiete progresistei, eta, hala, gertuago dute ganberaren kontrola. Halere, oraindik ez da nahikoa.

Senatuan (100 eserlekutik 35 berritzeko), orekatuago dago lehia, eta bi alderdiak berdinduta daude: 48 aulki eskuratu ditu alderdi Demokratak, eta beste hainbeste, Errepublikanoak. Zazpi ordezkari daude oraindik banatzeke, batzuk gako (Georgia, Nevada edo Wisconsin).

Demokratak nagusi, Pennsylvanian, eta gertu dute garaipena Arizonan

Pennsylvanian, porrota jaso du Donald Trump AEBko presidente izandakoak, demokratek irabazi baitute Trumpen bi hautagaien kontrako lehia Senatuan. John Fetterman Estatuko gobernadoreordea eta Josh Shapiro orain arte estatuko fiskal nagusi zena senatari izango dira Alderdi Demokrataren izenean.

Estatu erabakigarria da Pennsylvaniakoa, eta Trumpek eta Bidenek bereziki zaindu dute kanpainan zehar. Biek ala biek eman zuten han bozen lehen hitzaldia, irailean, eta joan den larunbatean, mitin handiak egin zituzten ezbaian zeudenen botoak eskuratu nahian.

Etxe Zurira heltzeko borrokan gako da ipar-ekialdeko estatu hori, garrantzi handia baitu hauteskunde kolegioan (AEBko presidentea aukeratzeko ardura du erakunde horrek).

Arizonan, astiro doa kontaketa (% 67 besterik ez dute zenbatu), baina Mark Kelly gobernadore demokratak aurrea hartu dio Blake Masters hautagai errepublikanoari. Nevadan (% 80) aldaketa egon da azken orduetan. Hasiera batean, bazirudien demokratek irabaziko zutela, baina orain Laxalt errepublikanoa Cortez Masto demokratari gailendu zaio.

Georgian, ziurgabetasuna nagusi

Botoen gehiena zenbatuta dutela (% 96), hegoaldeko estatu hori buruhauste iturri izango dela ematen du. Oso emaitza estua dago, eta ezein hautagaik ez du lortu eskatutako % 50. Hori egin ezean, bigarren itzuli batean lehiatu beharko dira hautagaiak hilabete batzuk barru.

Herschel Walker hautagai errepublikano eta futbol amerikarreko jokalari ohiak eta Raphael Warnock egungo senatari demokratak botoen % 48,8 eta % 49,1 eskuratu dituzte, hurrenez hurren.

Raphael Warnock.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Hauteskundeak Joe Biden