Mundua -

Kolonbia

Kolonbiako Gobernuak eta ELNk gaur berrabiaraziko dituzte bake elkarrizketak Caracasen lau urteren ostean

Bake negoziazioak 2017an hasi ziren, baina 2019an, bertan behera utzi zituzten Ivan Duqueren gobernuarekin, gerrillaren atentatu baten ondoren. Gustavo Petrok elkarrizketei heldu nahi die berriz, "erabateko bakea" lortzeko.

Kolonbiako Gobernuaren eta ELNren arteko bilera, Venezuelan. Argazkia: EFE
Kolonbiako Gobernuaren eta ELNren arteko bilera, Venezuelan. Argazkia: EFE
Kolonbiako Gobernuaren eta ELNren arteko bilera, Venezuelan. Argazkia: EFE

Agentziak | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kolonbiako Gobernuak eta Askapen Nazionalerako Armadaren gerrillak (ELN) astelehen honetan berrabiaraziko dituzte Caracasen duela lau urte etendako bake elkarrizketak, baina oraindik ez dute talde negoziatzaileen osaketa jakitera eman.

Gobernuaren aldetik, Otty Patiño M-19 taldeko gerrillari ohiaren eta Kolonbiako Abeltzainen Federazioko (Fedegan) presidente Jose Felix Lafourieren izenak baieztatu dituzte, azken hori gerrillaren etsai amorratua.

Halaber, Gobernu taldeko kide izan litezke, batetik, Maria Jose Pizarro, Carlos Pizarro M-19ko komandantearen alaba (Pizarro aitak gerrilla horren desmobilizazioa sinatu zuen, eta handik gutxira, 1990ean, presidentegai zenean hil zuten); eta, bestetik, Ivan Cepeda, betidanik bake elkarrizketak defendatu izan dituena.

Aurrerapauso bat

Presidentetzara iritsi zenetik, Gustavo Petrok azpimarratu du bere gobernuaren lehentasunetako bat "erabateko bakea" dela; horren giltzarri da ELNrekin elkarrizketak izatea. Juan Manuel Santos presidenteak 2017an hasi zituen elkarrizketak, eta hurrengo urtean bertan behera geratu ziren, Petroren aurrekoak, Ivan Duque presidenteak, hala erabakita.

Politika horren pean, Petrok beste legez kanpoko talde armatu batzuekin ere bilatzen ditu akordioak, FARCen disidentziak eta talde kriminalak, esaterako, edo horiek justiziaren menpe jartzea bestela.

Askapen Nazionalerako Armadaren (ELN) gerrilla da FARCek 2016an bakea sinatu eta gero herrialdean jardunean dirauen ezkerreko azken talde armatua.

ELNk etekina atera dio FARCen desmobilizazioak eskualde batzuetan utzi zuen botere hutsuneari; izan ere, eskualde horietan Estatuaren hutsunea baliatu zuen operazio-eremua handitzeko, eta indartuta iritsiko da Venezuelako negoziazio mahaira, herrialde horretan hedapen handia izan baitu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albiste garrantzitsuak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Venezuela albisteak Zer gertatu da Kolonbian? Latinoamerikako albisteak