Mundua -
erregaien prezioa
Frantziak 100 euroko laguntzak emango dizkie diru-sarrera baxuak dituzten gidariei 2023an
Diru-laguntza jaso ahal izateko Ogasunaren web orriaren bidez eskatu beharko da. 10 milioi pertsona ingururi laguntzea espero da neurri honekin.
agentziak | eitb media
Frantziako Gobernuak energiaren garestitzea arintzeko asmoz erregaiaren prezioari ezarritako deskontua kentzeko asmoa du. Horren ordez, 100 euroko laguntzak eskainiko ditu diru-sarrera baxuak dituzten gidarientzat datorren urtetik aurrera. Neurri honek 10 milioi onuradun izan ditzakeela hautematen da.
Laguntza jaso nahi dutenek Frantziako Ogasunaren webgunearen bidez eskatu beharko dute, ibilgailuaren matrikula sartuz eta beren lantokira joateko automobila edo ibilgailu motorduna behar dutela egiaztatzen duen adierazpena eginda.
Frantziako lehen ministroak jakinarazi duenez, laguntza bera jasoko da, etxebizitza berean ibilgailu bat baino gehiago egonda ere. Hau da, baldintzak betetzen dituen norbanako bakoitzak jasoko luke laguntza. Ildo horretan, Frantziako Gobernuak adierazi du behartsuenetan jarri nahi izan duela fokua, izan ere, orain arte erregaiei ezartzen zitzaien deskontuak gidari guztiei egiten baitzien mesede, bereizketarik egin gabe.
Bien bitartean, Espainiako Gobernuak datozen egunetan erabakiko du erregai-litroko 20 zentimoko egungo laguntza luzatu, edo neurria soilik kolektibo profesionalentzat edo zaurgarrientzat mantendu.