Mundua -
SUTEA
Gutxienez 10 pertsona hil dira, tartean 5 haur, Lyoneko etxebizitza eraikin batean izandako sutean
Halaber, lau pertsona larri eraman dituzte erietxera eta beste hamar arin zauritu dira, tartean bi suhiltzaile. Goizaldean piztu da sua, eta, oraingoz, ez dakite nola piztu den.
AGENCIAS | EITB MEDIA
Gutxienez 10 pertsona hil dira, eta beste 14, zauritu, gaur goizaldean, Lyongo (Frantzia) zazpi solairuko etxebizitza eraikin batean piztutako sutean. Zaurituen artean, lau larri daude.
03:15 aldera jaso dute Frantziako larrialdietako zerbitzuek abisua, Lyon kanpoaldeko eraikin batean sutea piztu dela jakinaraziz. Frantzia osoko hainbat suhiltzaile dotazio bertaratu dira —170 bat suhiltzaile eta 65 kamioi, orotara— eta orduak behar izan dituzte egoera kontrolatzeko, Auvernia-Rodano-Alpeak eskualdeko prefekturak ohar bidez jakitera eman duenez.
Behin garrak itzalita, barruan 10 gorpu aurkitu dituzte kiskalita.
Frantziako Poliziak ikerketa abiatu du sua nola piztu den argitzeko.