Mundua -
Tunisia
Biziarteko kartzela-zigorra ezarri diote Ben Aliri
"Hilketak eta arpilatzeak sustatzea" egotzi diote Tunisiako presidente ohiari. Poliziak manifestazio batean lau pertsona hil izanaren erantzulea dela uste du.
Erredakzioa
Tunisiako epaitegi militar batek biziarteko kartzela-zigorra ezarri dio Zine al Abidine Ben Ali Tunisiako presidente ohiari "hilketak eta arpilatzeak sustatzea" egotzita, Poliziak manifestazio batean lau pertsona hil izanaren erantzule jota.
2011ko urtarrilaren 15ean, Ben Alik bere erregimenari amaiera eman zioten mobilizazioak zirela eta Saudi Arabiara ihes egin ostean, manifestazio baten zeuden lau pertsona hil zituen Poliziak, tiroka, Wardanein kostaldeko hirian, presidente ohiaren iloba batek (Qais Ben Alí) ihes egitea eragozten ari zirenean.
Agintari ohiaren hainbat kolaboratzaileri bost eta hamar urte bitarteko kartzela-zigorra ezarri diete delitu berak egotzita, TAP albiste agentziak argitaratu duenez.
Presidente ohiak hainbat hamarkadatako zenbait kartzela-zigor jaso ditu jada ustelkeria eta tortura egotzita, eta kargu gehiagori egin beharko die aurre. Hala ere, Saudi Arabiako agintariak aberriratzeko asmorik ez dutela dirudi.
Maiatzean, fiskal militar batek heriotza-zigorra eskatu zuen Ben Alirentzat manifestazio hartan izan ziren hilketen erantzule nagusia izatea egotzita.