Mundua -

Kolonbia

Petrok su etena iragarri du ELN, beste talde paramilitar eta gerrilla batzuekin

Askapen Nazionalerako Armadarekin (ELN) ez ezik, FARCeko disidentziekin, Autodefentsa Gaitandarrekin eta Sierra Nevadako taldeekin ere itxi du akordioa Kolonbiako presidenteak.

Gustavo Petro, artxiboko argazki batean. EFE
Gustavo Petro, artxiboko argazki batean.
Gustavo Petro, artxiboko argazki batean. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak iragarri duenez, alde biko su etena erdietsi du Askapen Nazionalerako Armadarekin (ELN), FARCeko disidentziekin eta zenbait talde paramilitarrarekin. Menia urtarrilaren 1etik ekainaren 30era arte egongo da indarrean. 

Su etena "luzatzeko aukera" egongo da "negoziazioetan aurrera egiten den heinean", zehaztu du presidenteak sare sozialetan kaleratutako mezu batean. 

Guztira, bost izan dira akordioa itxi duten taldeak: Kolonbiako Askapen Nazionalerako Armada (ELN), FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileen disidentzien Estatu Nagusi Zentrala eta Segunda Marquetalia, Autodefentsa Gaitandarrak eta Sierra Nevadako paramilitarrak. 

Petrok 2022a amaitzeko ordu batzuk falta zirenean egin du iragarpena. "Su etena adostu dugu ELNrekin, Segunda Marquetaliarekin, Estatu Nagusi Zentralarekin, AGC Autodefentsa Gaitandarrekin eta Sierra Nevadako Autodefentsekin urtarrilaren 1etik ekainaren 30era, negoziazioek aurrera egin ahala luzatzeko aukera izango bada ere. Erabateko bakea errealitate izango da", idatzi du Petrok Twitterren duen profilean. 

Presidente denetik, joan den abuztuaren 7tik, Petroren gobernuak "erabateko bakearen" politikaren alde egin eta ELNrekin bake elkarrizketak abiatzea lortu du. 

Iragarpenaren ondotik, Antonio Guterres Nazio Batuen idazkari nagusiak "pozez" hartu du albistea. Guterresen hitzetan, neurriak "Urte Berrian Kolonbiako herriaren bake iraunkorra lortzeko itxaropenak berritu ditu". 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak