Mundua -
ITALIA
Matteo Messina Denaro Cosa Nostrako burua atxilotu dute, 30 urtez ihes eginda egon ostean
Siziliako mafiako buruzagitzat jotzen duten gizona Palermoko ospitale pribatu batean atxilotu du Italiako Poliziak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Matteo Messina Denaro Siziliako mafiako buruen burua atxilotu du gaur Italiako Poliziak Palermon, 30 urtez ihes eginda egon ostean. Italiako hedabideek zabaldutako informazioaren arabera, Siziliako hiriburuko klinika pribatu batean atxilotu dute mediku tratamendua jasotzera joan denean.
"Gaur, 2023ko urtarrilak 16, Siziliako Lurralde Komandoaren Talde Operatibo Bereziak, Palermoko fiskaltzak koordinatutako ikerketaren baitan, Matteo Messina Denaro iheslaria atxilotu du osasun eremu baten barruan mediku tratamendua jasotzera joan denean", iragarri du Pasquale Angelosanto jeneralak.
Messina Denaro Siziliako Castelvetrano udalerrian jaio zen duela 60 urte. 1993tik ezkutuan bizi izan da eta pertsona bilatuenen zerrendan zegoen. Ez zekiten gaur egun nolako itxura zuen, izan ere, duela 30 urteko gutxi batzuk baino ez zituzten. Azken aldian, ordea, haren erretratu robota zabaldu dute haren gertuko diren atxilotu batzuek Poliziari emandako datuekin.
Italiako gizonik bilatuena izan arren, horrek ez zion eragotzi Bartzelonara joatea begiko ebakuntzak egitera, zenbait ikerketak frogatu duten bezala.
Hainbat aldiz kondenatu dute biziarteko kartzela zigorrera Cosa Nostrak egindako atentatu eta hilketengatik. Italiako hedabideen arabera, Palermoko Maurizio de Luzia fiskalak Matteo Messina Denaro atxilotzeko ahalegina areagotu ondoren etorri da gaur goizean atxiloketa.
Meloni: "Estatuaren garaipen handia"
Giorgia Meloni Italiako lehen ministroak albistea baieztatu du eta "Estatuaren garaipen handia" izan dela nabarmendu du. Horren esanetan, Messinaren atxiloketak erakusten du Estatuak ez duela amore ematen mafiaren aurrean.
Melonik azpimarratu duenez, atzo bete ziren 30 urte Toto Riina buruzagia atxilotu zutela eta biharamunean atzeman dute Messina Denaro. Halaber, Italiako lehen ministroak eskerrak eman dizkie "polizia indarrei eta, bereziki, karabineroei, Mafiaren Aurkako Fiskaltza Nazionalari eta Palermoko Fiskaltzari, mafiaren adierazle gorena harrapatu dutelako".