Mundua -

Pentagonoa kezkatuta dago

AEBetako armadan, ia egunero soldadu batek bere buruaz beste egiten du

Urte hasieratik, ia egunero soldadu batek bere buruaz beste egin du, Afganistaneko hildakoen kopuruaren ia bikoitza.

Obama Afganistaneko soldaduei eginiko bisita batean.
Obama Afganistaneko soldaduei eginiko bisita batean.
Obama Afganistaneko soldaduei eginiko bisita batean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Leon Panetta Defentsa idazkaria kezkatuta azaldu da AEBetako armadako soldaduen artean, geroz eta gehiagok beren buruaz beste egiten dutelako.

Suizidioa ekiditeko laugarren Biltzarrean hitz egin du Panettak, eta bertan osasun mentala suspertzeko lan gehiago egiteko eskatu du.

Hilabete hasieran AEBetako prentsak argitaratutakoaren arabera, urteko lehen 155 egunetan, 154 soldaduk beren buruaz beste egin dute, Afganistanen hildako lagunen kopuruaren bikoitza.

Joera horrekin jarraituz gero, lehengo urteko kopurua gaindituko da, izan ere, Pentagonoaren datuen arabera, 2011n 164 soldaduk beren buruaz beste egin zuten eta 2010. urtean, 159k.

Defentsa Sailak suizidioak ekiditeko prebentzio kanpaina bat hasi du. Egun, 9.000 psikiatra, psikologo, gizarte langile eta erizain daude ospitale militarretan, azken hiru urteetan baino % 35 gehiago. Osasun mentalean espezializatutako adituekin elkarlanean ari dira, traumen ondorengo estres egoerak ikertzeko, gerren ostean geroz eta gehiagok jasaten duten gaitza.

Horixe da hain justu Robert Bales sarjentuaren auzian ikertzen ari direna. Afganistaneko 17 zibil hil zituen Balesek Kandaharren. Erasoak herrialdea hunkitu zuen eta osasun mentala zaintzeko sistema aztertzera eraman du kasuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea